Ibai azpiko eraikuntzaren planarekin aurrera jarraitzen dute

uriola.eus 2018ko ira. 6a, 17:16

Guztira, 580 milioi euro inbertituko dira makro proiektu honetan eta 2027. urterako dena amaituta egotea espero dute.

Itsasadarraren azpiko tunelaren eraikuntza eta Supersur saihesbidea osatuko duen bigarren fasea Bizkaiko Foru Aldundiak metropolialdeko trafikoaren dentsitate handiak sortzen dituen arazoak konpontzeko prestatu duen plan integraleko bi jarduketa handiak direla azpimarratu du diputatuak. Hala, Pradalesek iragarri du Supersur saihesbidearen bigarren fasea urriaren amaieratik azaroaren hasierara bitartean esleitu ahal izango dela, 2019an obrekin hasi ahal izateko.

Horrez gain, Aldundia Herbeheran dagoen beste tunel bat aztertzen egon da. Izan ere, Westerschelde Tunnel-ak zenbait antzekotasun ditu Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian tunela egiteko proposatu duen proiektuarekin (horren helburua lurraldeko gaitasun handiko errepideen sarearen hauskortasuna konpontzea da; Arrontegik ez baitauka alternatibarik): biak doaz ur azpitik, biek dituzte errepideak, luzerari dagokionez ez dira oso desberdinak, baliagarriak izan daitezkeen eraikuntza metodoak, zeharkatutako lursailak, bi hodiko irtenbidea edo ibai-kanalaren nabigagarritasuna.

Bi jarduketetan, guztira, 580 milioi euro inbertituko dira. Ez dira aldi berean martxan jarriko: Supersur saihesbidearen bigarren fasea 2023 ingururako egon liteke martxan; tunela, berriz, ez da martxan jarriko 2027ra arte. Azterketa teknikoen arabera, egunero, 53.000 ibilgailuk erabiliko dute itsaspeko tunela; Supersur saihesbideak, aldiz, 24.000 ibilgailu izango ditu egunero. Gainera, teknikarien kalkuluen arabera tunelari esker, 17.500 ibilgailu gutxiago ibiliko dira A8tik Max Center-en, 41.000 Arrontegitik eta 38.000 Avanzadatik. Baina, hala ere, gerora Supersurraren lehenengo fasean gertatu den bezala, azterketa tekniko horiek estimazioak izaten dira bakarrik, eta ez dute geroko emaitza zihurtatzen.