Artxandako funikularrak bidaiari marka kopurua gainditu du

uriola.eus 2018ko ira. 10a, 10:49

Artxandako funikularrak abuztuan bakarrik 117.781 bidaiari izan ditu. 2017an 101.273 izan ziren eta 2016an 100.780. 2017. urtearen aldean % 16,13ko hazkundea izan du eta marka berria jarri du. Abuztuan egunero, batez beste, 3.799 pertsonak erabili zuten funikularra.

Aurten, abuztura arte, 615.230 erabiltzaile erregistratu dituzte; iaz, aldi berean, 571.812 erregistratu zituzten. Beraz, 2017. urtearen aldean % 7,59ko hazkundea egon da aurten orain arte. Kopuru horiek, eta batez ere udako hiletakoek, agerian jartzen dute funikularra uriko turismorako erakargarria dela.

Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean Artxandako Funikularrak udako ordutegia du: astelehenetik eguenera 07:15etik 22:00etara; barikuetan, zapatuetan eta jai-bezperetan 07:15etik 23:00etara, eta domeketan eta jaiegunetan 08:15etik 22:00etara.

Ekimenaren aurreko urteko arrakasta ikusita, Funikularrak ordutegi zabalagoa -24:00etara arte- eskaini zuen Aste Nagusian, Artxandatik suak ikusi nahi zituztenak eroateko. Ekimen horrek marka berria jarri zuen; Aste Nagusiko egunetan 32.310 pertsonak erabili zuen funikularra; 2017an, 27.302 izan ziren.

Artxandako funikularrak 15 minutuko maiztasuna dauka, salbu eta arrazoi bereziengatik, hots, jendea pilatzen denean, orduan maizago joan-etortzen baita erabiltzaileak geltokietatik ateratzeko. Bidaiak 3 minutu irauten du.

Gogoratu sei urtetik beherako umeak dohainik ibil daitezkeela Artxandako Funikularrean, baita itsuei lagun egiten doazenak edota gurpildun aulkietan dabiltzanei laguntzen dietenak ere.

2018an, funikularrak jarraiko hirugarren urtez lortu du TripAdvisor bikaintasun-agiria, sari hauen zazpigarren edizioan. Bidaietan eta oporretan espezializatutako TripadVisor web orriaren erabiltzaileen aldeko iritzien arabera eman ohi da sari hau.