Arraunketarako udal-pabiloi berria inauguratu dute

uriola.eus 2018ko ira. 10a, 10:56

Instalazioek 1.500 metro koadro baino gehiago dituzte, eta Deustu Arraun Taldeak erabiliko du. Gainera, sinatu den hitzarmenak aukera ematen dio Udalari arraunketa emakumeen eta gazteenen artean sustatzeko, besteak beste kirol horretan hasteko eskolak 8-16 urte bitarteko neska-mutilentzat eta oinarrizko lehiaketa-taldeak 16 urtez beherako kategoriaraino bultzatuz.

Udal-pabiloi berria Zorrotzaurreko sarreran dago, Deustuko Kanalaren eskumako ertzean, eta 1.500 metro koadro baino gehiago ditu. Gainera, han beste pantalan bat jarri da kirolariak uretaratzeko. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak-en bitartez, Deustu Arraun Taldeari laga dio instalazioen erabilera, talde hori baita Bilbon dagoen arraun-talde bakarra, eta era horretan gune moderno, praktiko eta irisgarri bat du kirol-modalitate hau ahalik eta ondoen egiteko. Udalak 706.000 euro inbertitu du hirian arraunketa sustatzeko balioko duen eraikin berri hau egiteko.

Barruko instalazioei dagokienez, hangarraren altuera librea 6 metrotik gorakoa da, eta sartzeko hiru atetzar eta traineruak biltegiratzeko kale batzuk ditu. Hangar horretan, tailer/biltegia eta entrenamendu-hobia ezarri dira. Hobi horrek aukera ematen du alde bakar batean eta ilara bakar batean arraun egiteko, eta arraunlariaren orientazioaren arabera istriborrean nahiz ababorrean egin daiteke arraun. Hobiko uraren alboak ispiluak ditu luzera guztian, arraunlariak bere burua ikusi eta teknika hobetu ahal izateko. Hangarrera hall nagusitik ere (Zarandoa etorbidea) sar daiteke.

Itsasadarra ikus daitekeen eremu batean, gimnasioa jarri da, eta hiru gunetan banatuta dago: arraunketa-gunea, kardio-eremua eta pisuak altxatzeko lekua. Gimnasioa korridore baten bitartez egongo da lotuta aldagelekin. Eraikinak 7 aldagela ditu guztira: 2 dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat egokituta daude, eta 1 epaile eta monitoreentzat erreserbatuta dago, eta gainerakoak arraunlarientzat dira. Eremu horretan, osasun-kabinetea/dopin kontrola kokatu da, eta lekua du mediku-kontsultak egiteko eta andarako. Instalazioek administrazio- eta bilera-eremu bat ere badute.


ARRAUNKETA TXIKIENENTZAT

Bilboko Udalak —Bilbao Kirolak-en bitartez— eta Deustu Arraun Taldeak hitzarmen bat sinatu dute instalazioak Bilboko klubari lagatzeko, klub hori baita hiri guztian arraunketaren kirol-modalitatea egiten duena. Era horretan, Deustu Arraun Taldeak instalazio moderno, praktiko eta irisgarriak izango ditu, kirol hau egiteko behar den guztiaz hornituak.

Gainera, Bilboko Udalak elkarlanean dihardu Deustu Arraun Taldearekin gizon eta emakumeen arteko berdintasuna kirol arloan eta bereziki arraunketan bultzatzeko. Era berean, biek arraunketa umeen artean bultzatzeko lan egiten dute, 8-16 urte bitarteko adingabeentzat kirol horretan hasteko eskolekin eta 16 urtez beherako kategoriaraino oinarrizko lehiaketa-taldeekin.

DEUSTU ARRAUN TALDEA

Deustu Arraun Taldea Bilbon dagoen arraun-talde bakarra da. Haren traineruari “Tomatera” esan ohi zaio. Arraun-taldea 1981ean eratu zen Zorrotzaurreko Erriberako lonja batean. Ondoren, Deustuko Zubiaren azpian —autobus-kotxetegiaren ondoan— eta Deustuko HEZIko lokal batean kokatu zen. 1983an, Deustuko Botikazarreko lehengo garagardotegiko instalazioetara aldatu zen, desagertuta dagoen kargalekuaren ondoan, baina uholdeek han zeukaten ia material guztia eraman zuten. 1984an, udal-pabiloia inauguratu zen Deustuibarreko 10 zenbakian.

Gaur egun arraun-taldeak kirol horretako diziplina eta maila guztietan jokatzen du, tostako arraunketan eta olinpikoan, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, eta beheko kategoriak eta prestakuntza dira klubaren filosofiaren funtsezko ardatza. Bere jarduerak guztira 100dik gora fitxa biltzen ditu.

Traineruen atalean, Deustu Arraun Taldeko gizonezkoen kategoriako trainerua ACT ligaren atarikoa den ARC ligako 1. taldean dago. Emakumeen taldea ere badu, hiru denboraldiren ostean klubean finkatu den proiektua da.