Etorkizun handiko kirolarientzako 2018-2019 Programan izena emateko epea irailaren 10etik 21era bitartean irekiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Etorkizun handiko kirolariaren izaera aitortzeko eskaria aurkeztean, halaber, 2017ko irailetik 2018ko irailaren 21era (hots, eskariak aurkezteko epearen amaierara arte) eskuratutako kirol-merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko da.
Foru Erakundearen eskutik etorkizun handiko kirolariaren aitorpena eskuratzen duten pertsonak aipatu programara sartuko dira, eta, beraz, hainbat onura lortuko dituzte. Ebaluazio Batzorde bat arduratuko da Programan parte hartuko duten kirolariak aukeratzeaz.
Aldundiaren eskutik etorkizun handiko kirolariaren aitorpena eskuratzen bada, izaera hori edukiko da 2019ko abenduaren 31ra arte. Aldi horretan, etorkizun handiko kirolariaren izendapena duten kirolariak programa batean sartuko dira, eta, bertan, hainbat onura jasoko dituzte, lortu duten mailaren arabera. Bizkaiko Foru Aldundiak kirolari eskatzaileen informazioa bilduko du, beren kirol-talentua garatzeko prestakuntza eta babes egokia eskaintze aldera.
Onurak honako hauek izango dira: azterketa medikoak, orientazio dietetikoa, kirol-errendimendua hobetu ahal izateko material edo euskarri teknikoa, hileroko tailerren bidezko etengabeko prestakuntza, prestakuntza-ibilbide desberdinetako aholkularitza akademikoa, eta goi-mailako ikasketetarako sarbidea. Onura horiek indarrean egongo dira 2019ko abenduaren 31ra arte. Nolanahi ere, hurrengo deialdiko zerrenda onartu arte luzatu ahal izango dira.
Bost urte bete ditu etorkizun handiko kirolarien programak
Aldundiak bost urte daramatza programa hau garatzen, eta, aldi horretan, 439 kirolarik parte hartu dute: horietatik 130ek 1. mailan eta 309k 2. mailan.
46 kirolarik jaso dute kirol-talentu izendapena (goi-maila), eta Euskal Herriko Unibertsitatera sartzeko 75 ziurtagiri eman dira.