Hiribilduko egoerari buruzko osoko bilera bihar egingo dute

uriola.eus 2018ko ira. 13a, 11:11

Bilboko Udalak agintaldi honetako hiribilduaren egoerari buruzko bigarren osoko bilkura egingo du ostiralean. Bertan, azken urtean gauzatu diren ekintzarik garrantzitsuenak berriz gogoratu eta, gainera, agintaldia amaitu arte abiaraziko diren berritasun garrantzitsu batzuen aurrerapena egingo dute.

Osoko bilkuran, udaleko sailek 2017. urtean garatu dituzten ekintzarik nabarmenenak berriz azalduko ditu alkateak, bai eta 2018. urtean eta agintaldia amaitu arte egin nahi diren proiektu zein ekimen garrantzitsuenen aurrerapena egin ere. Guztira, gobernu-taldeak 40 ekintza berri baino gehiago zenbatu ditu, eta horietako batzuk aurreratuko dituela argitu dute.

Hauexek izango dira alkateak jorratuko dituen gaietako batzuk: jarduera ekonomikoa eta enplegua, Bilboren nazioarteko papera, auzoak modernizatzea eta obrak, hirigintza, kultura-ekintza, segurtasuna, gaztetzea eta unibertsitate-hiria, kalitate oneko zerbitzu publikoak, espazio berriak eta enpresak.

Saioa goizeko 09:30etan hasiko da, eta, lehenengo, aurkezpen nagusia egingo du alkateak. Ondoren, etenaldi baten ostean, eztabaidari ekingo diote. Horretarako, talde politiko guztiek parte hartuko dute, baina, gehienez ere, hamabost minutu izango ditu bakoitzak. Osoko bilkura amaitzeko, erantzuteko txanda izango du alkateak.

Hiribilduaren egoerari buruzko osoko bilkura, udal-araudi berriaren ildoei jarraikiz, urtean behin egiten da, eta beti izaten da irailaren 30a baino lehen. Gainera, ezin izango da udal-hauteskundeak antolatzen diren ekitaldian egin. Era berean, ezohiko bilkura honetan, gainerakoetan ez bezala, ez da erabakirik hartuko.