Juan Mari Aburto: "Desberdinen arteko akordio guztiak onak dira Bilborentzat"

uriola.eus 2018ko ira. 14a, 10:03

Osoko bilkuraren saioa goizeko 09:30ean hasi da, eta, lehenengo, aurkezpen nagusia egin du alkateak. Bertan, epe honetako gertakarien iritzia eman du, egindako lan ona goraipatuz eta gertatu diren erasoak salatuz.

Hiribilduko egoerari buruzko osoko bilera egiten ari dira gaur. Bertan, Alkateak, aurkezpen nagusia egin du. Aburtok honela ekin dio bere irakurketari: "Bilbo adostasun hiria da eta hori hiriarentzat oso garrantzitsua da, desberdinen arteko akordio guztiak dira Bilborentzat onak, eta guztien akordioa lortzen dugunean benetan harro sentitzen naiz."

Horrez gain, honako hau aipatu du: "Gure beharra, eta nahia, Bilbo Bilbotarrentzat egitea da, gure bizilagunak ondo bizi daitezen, Bilbo hobetzea eta gure ostean datozenei Bilbo hobeago bat uztea dugu xede." Hori lortzeko, Alkateak, hau gehitu du: "Denon artean lan egin behar dugu arlo guztietan, eta horrela egiten saiatu gara. Adibidez, Segurtasun akordioa denok lortu dugun garaipena izan da, eta herritarrek ere horrela ikusten dute. Bilbo segurua da, eta horrela izaten jarraituko du." 

Adostasunen harira, guztiek bat egin duten kasuak ere nabarmendu ditu: "Auzoen itunean ezin izan dugu denon argazkia lortu. Bilboren etorkizuna, auzoen etorkizuna da. Auzoak hobetu behar dira, gazteek oportunitateak behar dituzte, eta nagusiek ere pozik bizitzeko aukerak behar dituzte. Horretan lanean jarraitzeko intentzioa daukagu". Kohesio sozialaren itunaz ere hitz egin du: "Txarto pasatzen duten familien ongizatea da gure kezka eta ardura, horiek laguntzea udalaren lana izan behar da. Nahiz eta baliabide mugatuak ditugun, lan itzela egin da, eta baliabide horiek handitzea izan behar da gure beharra. Pertsonak dira hiri honetan garrantzitsuenak.

Baina urte honetan ez da dena polita izan, eta horrela adierazi du Alkateak. "Une beltz batzuk izan ditugu, benetan latzak izan direnak. Emakumeak erasotzen dituztenak, edo gure nagusiei ere erasotzen dituztenak, horiek ez dira gure herrian ongi etorriak, ez datoz gure karaktearekin eta estiloarekin bat, eta ez ditugu gurean egon daitezela nahi." 

Bukatzeko, langabeziaren datuak eskaini ditu. Egun, 25.000 pertsona langabetuak dira Bilbon, Gobernu hau sartu zenean baino 6.000 pertsona gutxiago. Aburtoren hitzetan: "Gero eta hobeto gaude, baina susperraldia geldoa da eta duintasunezko bizimodua nahi dugu eta horretarako kalitatezko lanpostuak lortu behar dira. Aldi berean, izugarri kezkatzen nau 25.000 pertsona horien egoera. Guretzat enplegua preokupazioa da, eta horiei laguntzen saiatuko gara. 172.000 langile daude orain Bilbon, eta gehiago izan daitezela nahi dugu. Mundu guztiak babesa, estabilitatea eta hobekuntza izan dezan.