Juan Mari Aburtok, gaur goizean bilkura amaitzean, oposizioa gogor aritu dela adierazi du. Talde guztiek euren lana egin dute, alkateak egin duenaren iritzia emanez, hauteskundeak gainean daudela jakinda. Samir Lahdou izan da lehenengoa hitz egiten, Ganemos-Irabaziko bozeramailea. Tono gogor batean, gerora zetorrena aurreratu dio Aburto alkateari.
Izan ere, Bilboren egoeraren analisia egin dutenean, oposizioko alderdiek bi bloke berdinetan ikuspuntu bera eduki dute. Lehen aipatu bezala, alde batetik migratzaileen egoera izan da gaur eguneko punturik aipatuena. Bestetik, langabetuen, auzoen eta herritarren egoera ere larria dela aipatu dute, udalak turistak eta multinazionalak bakarrik kontuan hartzen dituela adieraziz.
Hildo horretik, Udalberri alderdiak honako galderak bota dizkio alkateari: "Zergatik ez zaie oraindik erantzun eraginkorrik eman gure hirira iristen jarraitzen duten migratzaileei? Zergatik daude zenbait auzo, hala nola Irala, anbulatoriorik gabe? Zergatik ez ditugu arreta berarekin zaintzen gure hirian urte osoan bizi diren herritarrak eta ez bisitariak bakarrik? Zertan ari zarete pentsatzen orain? Hauteskunde aurreko hiri-biziberritzean?"
Ostean, Aitziber Ibaibarriaga E.H. Bilduko bozeramaileak ere gauza horiek oso garrantzitsutzat jo ditu. Herritarrak Udalaren aurretik lanean jarri direla adierazi dio, Atxuriko eta Santutxuko auzotarrek migranteekin egin duten, eta egiten jarraitzen duten lana goraipatuz. Era berean, Pentsionisten eta feministen aldarriak Arabiar Aretora ekarri ditu, alkateak oposizioa eta herria gehiago entzun behar dituela eskatuz.
Bukatzeko, Alderdi Popularrak ere gogor ekin dio oposizio lanari, kasu honetan, idei desberdin batzuekin. Hori bai, guztiek jaso dute Aburtoren erantzun berdina. Alkateak, bere aldetik, oposizioak ikusten duen egoera txarra benetakoa ez dela salatu du, eta talde guztiei proposamenak ekartzeko eta denon artean lan egiteko deialdia luzatu die.