Kontzertu, festibal eta kirol ekitaldietarako jasotzen diren eta, gaur egun, Udal Gobernuak nahieran banatzen dituen sarrerak, modu gardenean herritarren artean zozketatzea eskatuko dute hiru udal taldeek. Proposamena sinatu duten taldeek azpimarratu dute Bilboko bizilagunek ere ekitaldi horietara joateko eskubide daukatela, udaleko ordezkariek bezala.
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramailearen ustez, “gai honetan beharrezkoa da gardentasunez lan egitea. Daukagun kargua ez da aitzakia horrelako pribilejioak izateko eta diru publikoa jartzearen ondorioz Udalak sarrerak lortzen baditu herritarrek ere horiek disfrutatzea zilegi da”.
Carmen Muñoz, UdalBerriko bozeramaileak, gogoratu du proposamena ez onartzeak kargu publikoen pribilejioei eustea suposatuko duela. “Herritarren ordezkariak baino ez gara eta gonbidapenak gure zinegotzi izaerarekin lotuak ez daudenean herritarren esku jarri behar dira. Eskubide bera daukate”, adierazi du.
Ildo beretik, Francisco Samir Lahdou, Ganemos Goazen Bilbaoko bozeramaileak, zinegotziek euren zaletasunak ordaintzeko ahalmena daukatela azpimarratu du. Beraz Udalak, hurbilen dagoen instituzio bezala, lortu behar duena kultura hiritarrentzat eskuragarri egotea da, batez ere egoera ekonomiko txarrean daudenentzat”