Elorrietatik Erandioraino bidegorri bat egingo dute

uriola.eus 2018ko ira. 19a, 08:46

Orain arte Udaletxetik Elorrietara zihoan bidegorriaren luzapena aurkeztu dute, 700 metro gehiago izango da eta ia Erandioraino helduko da.

Parte-hartze bidezko 2018ko aurrekontuetan onartutako proposamenetako bat da honako hau; 500.000 euro jarri ziren orduan proiektua gauzatzeko. Hau izango da ibilbidea: 2,30 metroko oinezbidea ibaiertzetik eta 2,5 metroko bidegorria, norabide bikoa, ibilgailuen zirkulaziotik bereizteko elementuekin.  

Bizikletentzako sareak –bidegorriak eta errepide partekatuak- 34.200 metro ditu; Bilbo 30 ezartzen denean, aurreikusita dago era honetako errepideetan beste 62 kilometro gehitzea. Lehen “pedalkada”ren ekitaldia eta proiektuaren aurkezpena Andaluzia plazan egin dira, Elorrietako biribilgunearen ondoan.

BILBON BIZIKLETAZ ZIRKULATZEN IKASTEKO IKASTAROAK

Haiz zuzen ere, Europako Mugikortasun Astearekin bat, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak abian jarri ditu duela sei urterik hona Bilbon bizikletaz zirkulatzen ikasteko antolatzen dituen doako ikastaroak.

12 urtetik gorakoentzat dira (adingabekoek arduradun batekin hartu beharko dute parte) eta galtzadatik modu seguruan zirkulatzen ikastea eta txirrindularien, oinezkoen eta beste garraiobide batzuen arteko bizikidetza ezin hobea lortzea dira helburuak. Ikastaroen xedeen artean badago txirrindulariek uriko bide-mota guztietatik eta egoera guztietan zirkulatzen ikastea; esate baterako, bidegorrietatik, partekatutako bideetatik, galtzadekiko bidegurutzeetatik, pasabideetatik edo nola jokatu biribilguneetan.

Bilboko Udalak doan ematen ditu ikastaroak. Izena emateko Udalaren informazio-telefonora deitu behar da: 010 edo 944 010 010. Eskarian norberak bere bizikletaz ala Bilboko Udalak lagatako bizikleta batekin parte hartuko duen adierazi beharra dago.