Bizkaiko garraio publiko zerbitzuak, denetara, 169,8 milioi bidaia erregistratu zituen 2017an, aurreko urtean baino 2,5 gehiago. Hala erakutsi du Bizkaiko Garraio Publikoaren 2017. urteko txostenak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) egina. Igoera, neurri handi batean, metroaren 3. linea martxan jartzeak eragin du. Urteko eta Bizkaiko garraio publikoaren orain arteko ibilbideko gertaera nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe.
Bizkaiko Garraio Publikoaren 2017. urteko txosten landuan zenbateko handiak jaso dira, eta horrek erakundeek, operadoreek eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak berak garraio publikoaren sistema egonkortzeko egin duten ahalegin handia islatzen du; izan ere, sistema gero eta aurreratuagoa, seguruagoa, jasangarriagoa, arinagoa eta erosoagoa izatea lortu nahi dute. Hau da, gero eta eraginkorragoa, multimodalagoa eta kalitate hobeagokoa izatea, eta, nola ez, bizkaitarron premiak lehenesten dituena.
2017a urte handia izan da Bizkaiko garraio publikoarentzat, BGPk urtero egiten duen azterlanak laburtzen duenez. Azterlan horrek operadore bakoitzaren urteko jardueraren berri ematen du, bidaiariak, diru sarrerak, saldutako tituluak, tarifak eta abar kontuan hartuz. Beste bi ekimen garrantzitsu ere mugarri izan dira 2017an: Bizkaiko Garraio Publikoaren bulego sarea martxan jartzea, lurraldeko orografia osoan zehar informazio, arreta eta kudeaketa integraleko 11 puntu dituena, eta aldi baterako titulu multimodal berriak kaleratzea Bizkaiko hiru modu nagusietarako, metroa, trena eta tranbia (baita Larreinetako funikularra ere), eta 26 urtetik beherako kolektiboaren kasuan, baita Bizkaibuserako ere.
Barik txartela eta BGPren tituluak gero eta hobeto onartzen dira, eta, hori, halaber, norabide onaren adierazgarri da. Hain zuzen ere, garraio modu ezberdinetan egindako joan etorrien % 82,6 txartel adimendun horrekin egin ziren. Gero eta erabiltzaile gehiago ditu urtero.
Bizkaiko Garraio Publikoaren 2017. urteko txostenak honako datuak jasotzen ditu autobusei dagokienez: Bizkaibus, Bilbobus eta bestelakoak; trena: Metro Bilbao, Euskotren Trena, Euskotren Tranbia, Renfe, Feve; bestelako garraio moduak: Bizkaia Zubia, Artxandako funikularra, Larreinetako funikularra, Ereagako igogailua, Zumalakarregiko igogailua, igarotzeko txalupak eta bizikleten mailegua; aparkalekuak: Leioa, Etxebarri eta BEC; titulu komunak, tarifak eta txartelen erabilerak.
Zenbateko handiak
2017an izandako 169,8 milioi bidaien % 51,9 Metro Bilbaori dagozkio; % 16,1 Bizkaibusi; % 15 Bilbobusi; % 5,9 Renferi, % 4,7 Euskotren Trenari, % 3,3 bestelako garraio moduei; % 1,7 Euskotren Tranbiari; % 0,9 beste autobus batzuei; eta % 0,5 FEVEri.
Garraio moduei dagokionez, 169,8 milioi bidaietatik, 54,2 milioi autobusez egin ziren, 2016arekiko 0,4 gehiago, eta 109,9 trenez egin ziren, aurreko urtearekiko % 3,8ko igoerarekin. Bestelako garraio moduetan (Bizkaia Zubia, Artxandako funikularra, Larreinetako funikularra, Ereagako igogailua, Zumalakarregiko igogailua, igarotzeko txalupak eta bizikleten mailegua) 5,5 milioi bidaia izan zituzten.
Zehazki, Bizkaibusek 27,3 bidaia erregistratu zituen; Bilbobusek 25,4; bestelako autobusek 1,4; Metro Bilbaok 88,1; Renfek 10,0; Euskotren Trenak 7,9; Euskotren Tranbiak 2,9; Fevek 853.000; Bizkaia Zubiak 3,3; Artxandako funikularrak 830.000; Larreinetako funikularrak 139.000; Ereagako igogailuak 359.000; igarotzeko txalupek 505.000; Bizimeta bizikleten mailegu zerbitzuak 3.000; eta Bilbon Bizi bizikleten mailegu zerbitzuak 321.000.