Mailegu-zerbitzuko bizikleta elektriko berria aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko ira. 20a, 09:22

2019an Bilbon Bizi zerbitzu berrian 450 bizikleta egongo dira –une honetan 200 daude- eta eguneko 24 orduetan hartzeko aukera egongo da. Momentuz, 06:00etatik 22:30era bitartean erabili daiteke.

Bilbon Bizi bizikleten mailegu-zerbitzua berritu egingo da urrian; handik aurrera, bizikleta elektrikoak baino ez dira eskainiko. Bilbon Bizi zerbitzuan 200 bizikleta mekaniko egon dira baina 2018a amaitzen denerako 300 bizikleta elektriko izango ditu; 2019ko urtarrilean 450 izango dira eta bederatzi mailegu-puntu gehiago Bizkaiko hiriburuan. 2019ko otsailaren bukaeran, 31 mailegu-puntu izatetik 40 izatera pasatuko da zerbitzua.

Beste alde batetik, zerbitzua gau eta egun erabili ahal izango da; une honetan, 06:00etatik 22:30era bitartean erabil daiteke. Abuztuaren 31ra arte, 12.906 pertsona egon dira izena emanda bizikleten mailegu-zerbitzuan. Iaz, guztira, 321.084 mailegu egin ziren zerbitzuaren barruan, hau da, egunean 901 mailegu. Horien % 62,25 gizonezkoek egin zituzten eta % 37,75 emakumezkoek. Adina kontuan hartzen badugu, erabiltzaileen ehuneko altuena 45 eta 50 urte bitarteko pertsonak izan ziren (% 35,55) eta ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoak (% 34,65).

Mailegu-puntuei begiratuta, erabiltzaile gehien izan dituzten puntuak hauek izan dira: Iruña kalekoa, Deustun; Arriaga plazakoa, Epaltzaren Alargunaren kalekoa, Udaletxekoa eta Indautxu plazakoa. Beste alde batetik, zerbitzua gehiago erabiltzen da astegunetan jaiegunetan baino.