Joseba Gaya: "Beste Bi etxegabekoentzat beste Bilbo eta Bizkaia bat lortzeko sortutako plataforma da"

uriola.eus 2018ko ira. 27a, 13:42

Beste Bi plataformak elkarretaratzea antolatu du gaur goizean Deustuko Done Petri plazan bertan hil zen etxegabearen omenez. Minutu bateko isilunea egin dute Jose Carlosen omenez eta bera azkena izan daitela eskatu dute.

Igandean, kalean bizi zen gizon bat zendu zen Deustuko Done Petri plazan. Jose Carlos zen bere izena eta urteak zeramatzan kalean. Bilboko erakundeekin harremana zeukan, 53 urte zituen eta inguruan ezaguna zen. Izan ere, auzo eta laguntza-etxe batzuetan egon ostean, azkenengo urteetan Deustuko kaleetan pasatzen zituen gauak.

Gaur, Jose Carlos eta bera bezala jarraitzen duten pertsonen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute Done Petri plazan goizean, Beste Bi plataformak deituta. Hildako gizonari omenaldia egiteaz gain, "etxegabeen egoera" ikustarazi nahi dute. Plataformak azaldu duenez, Bilbon 163 pertsona bizi dira kalean.

Azaldu dutenez, zenbaki hori ez da oso fidagarria, egunero aldatzen delako eta zifra bi urterik behin ematen delako. Hurrengo zenbakia hilabete gutxi barru aterako dela aurreratu dute. Plataformaren ustez, gaur zenbaki horren bikoitza edo hirukoitza izan daiteke, beraiekin lan egiten duten elkarte guztiak gainezka daudelako.

Joseba Gayak bozeramaileak azaldu duenez, edozeinek lagundu dezake, bai auzoak, elkarteak edo norbanakoak boluntario gisa. Kalean bizi direnak etxea eta lana topatzeko arazoak dituzte eta heltzen zaien laguntza apurra eskertzen dute. Horrez gain, kanpotik datozenak paperak eskuratzeko arazoak dituzte, beraz, kaletik ateratzea gero eta zailagoa izaten dela aitortu du.

Hala ere, lanean jarraituko dutela adierazi du. Jose Carlosen heriotza Bilboko kaleetan gertatzen den azkena izatea nahi dute eta esperantza horrekin kalean bizi diren jendea laguntzan jarraituko du Beste Bi plataformak.

 

[2018-09-21] Etxegabe baten heriotza salatu dute Deustun