Pentsionistak kalera irtengo dira datorren astelehenetan. Izan ere, egun hori erabiltzen dute udaletxearen aurrean elkarretaratzeak egiteko. Kasu honetan, berriz, Nagusien Egun Internazionala erabiliko dute beste era bateko protesta egiteko eta Bilbo osoko kaleak betetzea da euren nahia.
Manifestazioa lau zutabeetan banandu dute eta guztiek bat egingo dute Moyuan. Lehenengoa Errekalde plazatik irtengo da, Indautxu plazatik pasatuko da eta Moyuan bukatuko da. Bigarrena, berriz, Deustuko Done Petri plazan hasiko da, hortik Euskadi plazara eta Moyuan bukatu. Hirugarren zutabea Alde Zaharreko San Nikolasen hasi, plaza Biribilatik pasa eta Moyuan bukatuko da. Azken zutabea Bihotz Sakratutik zuzen joango da Kale Nagusitik Moyua plazara arte.
Bertan, manifestazioaren zutabe guztiek bat egingo dute. Zutabeak beraien hasierako puntutik 11:30ean irtengo dira eta Moyuan 12:00etan bat egitea espero dute. Hortik abiatuko da manifestazio handia eta, betiko lez, udaletxearen aurrean bukatuko da.
Beraz, astelehen honetan pentsionistak kalera irtengo dira berriro. Baina, pentsio duinez gain, Nagusien Egun Internazionaleko eskakizunak ere aldarrikatuko dituzte. Hala nola, nagusiek pairatzen dituzten prekarietatea, diskriminazioa, tratu txarrak, instalazio eta denbora librerako programa ezak.