Estreinatu dute 'Gure oroitzapenak' filma

uriola.eus 2018ko ira. 28a, 10:45

Joseba Sarrionandiaren "unibertso literarioa" pantailaratzen duen filma Donostia Zinemaldira heldu da. Bilboko zinema aretoetara urriaren 19an iritsiko da, eta urriaren zazpian Kafe Antzokian egongo da ikusgarri.

Lau saio izango ditu Gure oroitzapenak filmak Zinemaldian. Lehena eman dute da jada eta publikoaren harrera "oso ona" izan dela azaldu digu Lutxo Egia ekoizleak.

Hamabi zuzendarik hartu dute parte film kolektibo honetan, Sarrionandiaren "unibertso literario poliedrikoa" pantailaratuz. Hamabi begirada desberdinek osatzen dute filma, zuzendari bakoitzak laburmetrai bana egin baitu. Horregatik publikoari "gehiago gustatu zaizkio pieza batzuk besteak baino", onartu du Egiak, "baina hala ere jendeak ondo hartu du filma, eta ideia ulertu du".

Gaur eta bihar bitartean pelikulak beste bi emanaldi izango ditu Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean. Ostean, saio berezia egingo dute Kafe Antzokian. Urriaren zazpian, igandea, 17:30ean izango da, eta gonbidapenak komunikazioa@adabaki.eus helbidean eskuratu daitezke.

Zinema aretoetan ikusi ahal izateko, ordea, urriaren 10era arte itxaron beharko dugu. Egun horretatik aurrera Ipar Euskal Herriko aretoetan emango dute Gure oroitzapenak filma. Hego Euskal Herrian urriaren 19ra arte itxaron beharko dugu. 

 

Informazio gehiago: gureoroitzapenak.adabaki.eus eta adabaki.eus atarietan.

[2018-09-19] 'Gure oroitzapenak’, Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa

[2018-04-12] 'Gure oroitzapenak', Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa