Epaiketaren atarian Cabacasen senide eta lagunei babesa agertu diete

uriola.eus 2018ko urr. 1a, 10:04

Argazkia: Ion Salgado @ion_salgado

Euskal gizarteko ehun pertsona inguruk "erantzuleek inpunitaterik ez edukitzea" eta "justizia egitea" eskatu dute larunbat honetan irakurri duten manifestu batean. Urriaren 15ean Iñigo Cabacasen auzia epaituko da.

Larunbat honetan, irailak 29, esparru ezberdinetako hainbat lagunek sinatutako manifestuaren aurkezpena egin dute Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, "justizia egitea" eta "erantzuleek inolako pribilegiorik ez izatea" eskatu dute.

Horrez gain, urriaren 14an, 19:00etan, Alba lorategietan biltzeko deialdia zabaldu dute. Epaiketa hurrengo goizean hasten da eta epaitegiaren aurrean gaua igaro nahi dute. Horrela, ekimen horrekin, familia eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazi nahi diete. Hau da larunbatean irakurritako manifestua:

 

Manifestua

2012ko apirilaren  5a  zen. Athleticek  Schalke  04 taldearen  kontra  partidu oso berezia   jokatu   zuen  eta   35   urte  eta   gero   Europa  Leageren   semifinalerako klasifikatu ostean, milaka Bilbotar zein Bizkaitarrek kaleak poztasunez eta jai giroz bete zituzten.

Bertan zen Iñigo, lagunen artean, garaipena ospatzen, ertzain multzo bat  bertara  inguratu eta  gomazko  balak botatzen  hasi  arte. Ertzain  batek  Iñigo zegoen  lekura   apuntatu,   gomazko  balak   jaurti   eta  Iñigo   larriki   zauritu  zuen. Apirilaren  9an  zenduko zen,  autopsiak  onartzen duen  moduan,  gomazko bala baten  ondorioz.  Nabarmendu behar  da  gomazko balen  erabilera  Europako herri gehienetan debekatuta dagoen materiala dela.

Bere guraso  Manu  eta Finak,  ez  dute berriro  bere  semearen irribarrea  ikusterik izango.  Iñigoren lagunek  ez  dute sekula  bere  adiskidetasunaz  gozatzerik izango. Iñigo hil zuten. Edonor izan zitekeen hildakoa apirilaren 5ko gau horretan, zu, ni, edonor, ospakizunetan kalean izateagatik hil bait zuten Iñigo.

Gure eskubideak babesteko helburua luketenek urratu zioten bizitzeko eskubidea Iñigori,  hil  ostean, sakonki  ikertu  eta erantzukizunak  hartu  beharrean, heriotza ikertu   eta   salatzen  dutenei   oztopoak   eta  salaketak   jarri,   zein  heriotzaren erantzuleak estaltzen  jardun  izan dira.    Ezin  dugu onartu  gizahilketa  hau argitu gabe geratzea.

Ez  dugu beste  munduko  ezer eskatu  nahi,  solik denen  onurarako  liratekeen 4 printzipioren errespetua: 

  • Gertatutakoaren egiaren aitortza.
  • Justizia;    erantzuleek    inolako   pribilegiorik    gabe    egindako   kalteagatik erantzun dezaten.
  • Kaltetutako familiari kalte-ordaina.
  • Berriro ez errepikatzeko bermea.

 

[2018-09-24] Iñigo Cabacasen familia eta laguneei babesa adierazteko manifestua