Bilboko Udalak suhiltzaileen flota berritu du lau ibilgailu berrirekin

uriola.eus 2018ko urr. 3a, 09:30

Autoponpa bat, laguntza logistikoko ibilgailu bi eta aginte eta koordinazioko ibilgailu bat. Gainera, anbulantzia berria erosi da aurten. Ibilgailu horiek zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzen lagunduko dute.

Guztira, lurreko 31 ibilgailu izango dira Bilboko Udalaren suhiltzaileen zerbitzuan. Autoeskalak, ponpa astun edo arinak (suteak amatatzeko eta salbamenduko lanetarako), furgoiak eta aginteko beste ibilgailu batzuk, erreskate kimikorako ibilgailuak eta langileak eramateko ibilgailuak dira Bilboko Suhiltzaileen zerbitzuko flota.

Horiez gainera, uretako erreskateak egiteko ontzi arin bi eta ibilgailu historiko bi daude. Azken horiek instalazioak bisitatzeko egunetan eta suhiltzaileen zaindariaren eguneko karrusel tradizionalean erabiltzen dira oraindik. Orain urte bi egin ziren azken erosketak: 30 metroko autoeskala, salbamendurako furgoi bat, era guztietako erreskate eta salbamenduak egiteko, eta aginteko ibilgailu bat sartu ziren Babes Zibil eta Larrialdietako Sailaren flotan.

210 pertsona daude Bilboko Suhiltzaileen taldean eta gaur egun parke bi daude: nagusia Miribillan eta bestea Deustun, itsasadarraren ondoan.