Euskaraldia

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaraldiarekiko atxikimendua adierazteko hamaikakoa osatu du

uriola.eus 2018ko urr. 16a, 12:13

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaraldiarekiko atxikimendua adierazteko hamaikakoa osatu du

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, 11 egunez, martxan izango den Euskaraldia ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartu du Aldundiak.

Hori dela eta, Bizkaiko Foru Jauregian hamaikakoa osatu dute gaur Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Ana de Castro Euskara zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko gerenteak, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendariak, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak, Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak, Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusiak, Euskara Zerbitzuko zenbait langilek, EraMietan (BFAko administrazio-ataletan euskaraz lan egiteko mikroplanetan) parte hartzen duten zenbait langilek eta Euskara Bizia Batzordeko kideek.

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo da eta Bizkaiko Foru Aldundia erakunde sustatzaileetako bat da, beste hainbat erakunderekin batera: Eusko Jaurlaritza, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Topagunea, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Hirigune Elkargoa, Eudel, UEMA, UEU eta beste hainbat elkarte eta fundazio.

Ekimena martxan jarri zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ekintza landu ditu Euskaraldia Bizkaiko Lurralde Historikoan zehar hedatu eta sustatzeko eta erakundeko langileen artean zabaltzeko.

Alkarbide bilgunearen bidez Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuekin landu da ekimena; euskara sustatzeko diru-laguntza deialdietan ere kontuan hartu da eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileekin ere garatu da, informazioa zabalduz eta ekimenean parte hartzera gonbidatuz eta animatuz.

Oraingo honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak hamaikako taldea  eratu eta aurkeztu du, Bizkaiko herritarren eta foru erakundeko langileen artean ekimena zabaldu eta euskararen erabilera errazten laguntzeko Euskaraldia izango den 11 egun horietan.

Hamaikako talde hau Euskaraldia sustatzeko eta bultzatzeko tresna garrantzitsua izango da eta, horregatik, erakundeko ordezkariekin, Bizkaiko eragile esanguratsuekin eta langileekin osatu da.