“Birziklatu aitzakia barik” kanpaina martxan jarri dute

uriola.eus 2018ko urr. 23a, 11:08

"Birziklatu aitzakia barik” da gaur hasi eta hiru hilabete iraungo duen kanpaina. Bost jarduera egingo dira uri osoan herritarrak jabetu daitezen birziklatzeak duen garrantziaz. Udalak jartzen ditu birziklatzeko bitartekoak eta orain herritarren txanda da birziklatzeari ekiteko.

Hasieran informazio-kanpaina egingo da Bilbobusen 20 markesinatan. Lau astean 4 gai aztertuko dira: Tamaina handiko gauzarik ez uztea kalean; gai organikoak bereizita batzea; Bilbogarbi mugikorrak edo “langilerik gabeko eta langiledun puntu garbi mugikorrak” eta, laugarren astean, birziklatzearen onura.

Horrez gain, 1.000 binilo jarriko dira gainerako hondakinetarako edukiontzian (berde iluna), gogorarazteko debekatuta dagoela tresnak eta tamaina handiko gauzak bertan behera uztea.
Kalean ere egingo da informazio-kanpaina hilabetean “ikasi zelan birziklatu eta eraman kit hau” goiburupean. Herritarrak hitzaldietara joan daitezke barrutietako udaltegietara eta hiru poltsa eraman beira, papera eta ontziak birziklatzeko.

”Birziklatu aitzakia barik” kanpainarekin jarraitzeko, 8 tableta banatuko dituzte, barruti bakoitzean bat. Tableta horiek gai organikoak bereizita batzeko kanpainarekin bat egin duten familien artean zozkatuko dira. Eta amaitzeko, 150.000 etxetara birziklatzeari buruzko InfoBilbao eskuorriak bidaliko dira.

2017an Bilboko birziklatze-tasa % 45,73 izan zen. Gaika, berriz, beiraren birziklatze-tasa % 65, paper kartoiarena % 52 eta ontziena % 30. Baina zeregin franko dago egiteko Europak markatutako helburuak lortzeko; hortaz, herritarren lankidetza eskatzen dugu horretarako.

Kaixo Organikoa kanpainak puntu mugikorrak ditu, ibilgailu berezi bi, auzoetako kale eta plazetan. Ingurumenaren arloko hezitzaileak, hitzaldiak barrutietan eta bigarren aste honetako publizitate-kanpaina Bilbobusen markesinetan, herritarrak kontzientziatzeko eta animatzeko gai organikoak birziklatzera. Edukiontzi marroiaren kanpainarekin bat egiten duten pertsonek dohainik jasoko dute gai organikoak egoki birziklatzeko beharrezkoa den materiala: zakarrontzia, poltsa biodegradagarriak, txartel pertsonala eta birzikla daitezkeen produktu guztiak adierazten dituen imana.

Zein hondakin bota daitezke edukiontzi marroian?

Jatorri begetaleko hondakin organikoak dira –kozinatuak ala kozinatu gabeak- edukiontzi marroian bota daitezkeenak. Esate baterako, hauek:

  • fruta, barazki, lekale, ortuari, pasta, arroz, ogi, gaileta eta opilen hondakinak, baita fruta-hezur, lore eta landare-hondakinak, alpistea, ortuko hondakinak, belarra eta inausketen hondakin zatikatuak.
  • Sukaldeko paper, paperezko ezpainzapi, kartoizko arrautza-ontzi eta uhin-kartoi zikinak (garbi egonez gero, papera eta kartoia biltzeko edukiontzi urdinean bota behar dira).
  • Infusio eta kafe-hondarrak eta infusio-poltsatxoak.
  • Fruitu lehorren azalak.
  • Kortxozko tapoiak.

Zer EZ da bota behar?

  • Haragi, arrain eta itsaskien hondarrak.
  • Olioa eta bestelako likidoak.
  • Zigarrokinak eta hautsontzietako hondakinak.
  • Fardelak, konpresak eta gorotzak.
  • Xurgagailuko edo inarra pasatutakoan bildutako hondarrak.
  • Konposta egiteko balio ez duten materialak: beira, plastikoa, metala, brikak,…
  • Arrautza-azala, gazta, etxeko animalien janaria.
  • Plastikozko tapoiak, erretxinak.
  • Lorontzietako lurra eta turba.