Bilbon 211 pertsona kalean bizi dira

uriola.eus 2018ko urr. 24a, 09:55

Urriaren 18tik 19ra bitarteko gauean kalean bizi diren pertsonen kontaketa egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko 26 udalerritan aldi berean eginiko kontaketan. Guztira, EAEn, 435 pertsona egoera horretan bizi direla zehaztu dute.

Gau hura kalean eman zuten etxerik gabeko pertsonen % 78,4k euskal hiribururen batean eman zuen. Zehazki, Bilbon 211 pertsona zenbatu ziren, Donostian 106 eta Gasteizen 24. Barakaldon, biztanle gehien duen laugarren euskal udalerrian, beste 30 pertsona zenbatu ziren, eta, gainerakoak, 64 pertsona, gainerako 22 udalerrietan zenbatu ziren.

Datu horiek EAEn egoitza-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko IV. azterlanaren zati gisa baliatuko dira; azterlana beste datu batzuekin osatuko da, eta EAEn egoitza-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko isla zabalagoa eskainiko du. Azterlana 2019aren amaieran argitaratuko da.

Kontaketa egiteko urriaren 18tik 19ra bitarteko gauan prozedura berari jarraitu zioten 26 udalerrietan. Talde sustatzaileek boluntario guztiak batu eta kontaketa egiteko betekizunari buruzko oinarrizko jarraibideak gogorarazi zizkieten, zalantzak argitu eta informazioa batzeko materialak banatu zizkieten, besteak beste, kalean zeuden pertsonei zuzendutako galde-sortaren kopiak.

Protokoloak ezartzen du bi urterik behin, urte bikoitietan, interesa duten udalerrietan egoitza-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen kontaketak egitea. Urte bakoitietan, kontaketaren emaitzen txostena prestatzen da, gero Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako egoitza-bazterketari buruzko jardunaldi monografikoen esparruan aurkezteko; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, aldi berean, txostena prestatzea finantzatzen du.

 

[2018-09-27Joseba Gaya: "Beste Bi etxegabekoentzat beste Bilbo eta Bizkaia bat lortzeko sortutako plataforma da"