Euskaraldia

60.000 pertsonek Euskaraldirako izena eman dute

uriola.eus 2018ko urr. 25a, 09:26

Euskaraldirako izen ematea aurrera jarraitzen du. Hilabete bat falta denean 60.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena. Gaur Santutxuko hamaikakoa aurkeztuko dute, bihar Euskararen Etxean agerraldia egingo dute eta asteburuan hainbat ekintza antolatu dituzte Alde Zaharrean.

Euskaraldiaren prestakuntza aurrera darrai. Ekintza hasteko hilabete bat falta denean dagoeneko 60.000 pertsonek izena eman dutela iragarri dute. Azken ordura arte zabalik egongo da izena emateko epea. Azaldu dutenez, gipuzkoarrak dira gehienak. Hala ere, Bizkaian 

Horretarako, hainbat ekintza egongo dira egunotan. Santutxuko auzoko hamaikakoa aurkeztuko dute arratsalde honetan. Karmelo kalean izango da, La Zona parean, arratsaldeko 19:00etan. Bihar, berriz, Euskararen Etxeko erakundeen txanda izango da. Erakundeek eta elkarteek Euskaraldiaren aldeko agerraldia egingo dute Agoitz plazan. Bertan, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Euskal Kulturgileen Kidegoak (EKKI), Mendebalde Kultura Alkarteak eta Azkue Fundazioko ordezkariak parte hartuko dute.

Asteburuan, berriz, Alde Zaharra izango da ekintzez beteko dena. Larunbatean Bilbo Zaharreko Euskara eguna antolatu dute. 10:30ean hasita, umeentzako jolasak, mural partehartzailea, poteoa, bazkaria eta musika festa antolatu dute. Egunean zehar Euskaraldirako izena emateko gunea ere jarriko dute.

Astearekin bukatzeko, igandean, ginkana egingo dute. Unamuno plazan bilduko dira, Euskaraldia Bilboren egoitzaren aurrean. 11:30ean auzo argazkia aterako dute eta hortik aurrera galdera eta froga ezberdinez beteriko ibilbidea burutuko dute euskaraz jolasean. Alde Zaharreko Ahobizi eta Belarriprestak elkar ezagutu eta euskara plazara ateratzeko. Izena emateko aukera ere zabalik egongo da.