VX kiroleko Europako Txapelketa jokatuko dute Bilbon

uriola.eus 2018ko urr. 26a, 09:53

Euskal Herrian "Beach Tennis eta Kirol Gutxituen Euskal Elkartea" sortu zuten eta VX-ean jokatzeaz gain, beste 10 bat kirol gutxitutan jokatzen dute. Txapelketa Begoñazpi ikastolako polikiroldegian jokatuko da larunbatean.

VX kirola 2006an jokatu zen lehenengo aldiz Ingalaterran, York aldean. Jokalari bakoitzak stick bat du eta stickak bi muturretan teniseko tamainako pilota bat hartzeko heldulekua dauka. Pilotak bigunak dira, soft tenisekoak, hain zuzen ere.
 
Kirol honetara horrela jokatzen da: zelaian dauden (bi talde daudenean aurrez aurre zelaian 5 pilota daude eta 10 jokalari; eta banan-banakoan 2 jokalari eta guztira 2 pilota) pilotetako bat hartzea eta beste taldeko jokalari bati jaurtitzea eta burua ez den edozein gorputz ataletan ematea. Hori lortuz gero, puntu bat lortuko du taldeak.
 
Beste taldeko jokalaria kolpea saihesten saiatuko da. Lau minutuko lau zati jokatzen dira eta puntu gehien lortu dituenak irabazten du. Banan-banan edo taldeka jokatu daiteke. Taldeka jokatuz gero 5 jokalarik jokatzen dute talde bakoitzean.
 
Nazioarte mailan federakunde bat dago, Global VX deitutakoa eta Euskal Herria federakunde horretako kideak dira 2015etik. Bertan Euskal Herriaz gain, Ingalaterra, Italia, Eskozia, Danimarka, Hong Kong, India, Estatu Batuak, Uganda eta beste herrialde batzuk daude.
 
Euskal Herrian, duela bi urte, "Beach Tennis eta Kirol Gutxituen Euskal Elkartea" sortu zuten eta VX-ean jokatzeaz gain, beste 10 bat kirol gutxitutan jokatzen dute. Normalean, Olabeaga auzoko frontoian elkartzen dira, beste batzuetan Sarrikon, Basurton edo Barakaldon eta beste batzuetan Ereagako hondartzara ere joaten dira (adibidez, Beach Tennisean jolastera).
 
Hurrengo larunbatean, urriaren 27an 16:30etik 19:30era Begoñazpi ikastolako kantxa estalian Europako II. VX-eko Txapelketa (talde mailakoa) jokatuko dute. Partida bakoitzak 20-25 minutu irauten du, beraz, guztira 6 partida jokatuko dituzte:
 
16:30-16:55 Ingalaterra A-Euskal Herria A
17:00-17:25 Ingalaterra B-Euskal Herria B
17:30-17:55 Ingalaterra B-Euskal Herria A
18:00-18:25 Ingalaterra A-Euskal Herria B
18:30-18:55 Euskal Herria A-Euskal Herria B
19:00-19:25 Ingalaterra A-Ingalaterra B
 
Garaipen gehien lortzen duen taldea Europako Taldekako txapelduna bihurtuko da.
 
Igande goizean, Deustuko polikiroldegian, hango squasheko bi kantxetan Europako II. VX-eko Txapelketa (Banan-banakoa) jokatuko dute. Bertan, Euskal Herriko 4 jokalarik eta Ingalaterrako 12 jokalarik parte hartuko dute. Kanporaketa ugari egin eta gero finala jokatuko dute txapelketako bi onenek.