Bilbaobizi, bizikletak mailegatzeko udal zerbitzu berria, asteburu honetan hasi da, berrikuntza eta hobekuntza esanguratsuekin: bizikleta flota guztia aldatu eta handitu da, eta pedalei eragiteko laguntzaz hornituta egongo dira; 24 orduan eskainiko da zerbitzua.
Bilbon, orografiak hain eragin handia duela bizikleta erabiltzeko orduan, pedalei eragiteko laguntzaregazko bizikleta berriek herritarrentzako erakargarri izan nahi dute, eta zaletuen kopurua gehitu halan –lehenbiziko urtean, % 30 gehiago izango direlakoan izena emango dutenak–.Gainera, ordutegia ere zabalagoa izango da, eta zerbitzua 24 orduan eskainiko da (orain arte 6:00etatik 22:30era izan da). Zerbitzu hori apurka-apurka hasiko da, eta 300 bizikleta eskainiko dira hurrengo astetan, gehitu eta 450 izango dira guztira, orain lanean ari direnak baino 250 ibilgailu gehiago.
BIZIKLETA BERRIEN EZAUGARRIAK. APLIKAZIO MUGIKORRA NOLA ERABILI
Bizikleta berriek badute motor elektriko lagungarri bat, 50 km arteko autonomia duena, eta litio-ionezko bateria batek hornitzen du energiaz; hiru abiadura ditu. Bizikleten abiadura 25 kilometro ordukoa izango da. Badituzte geolokalizatzaile batzuk ipinita, eta, haiei esker, uneoro jakina ahalko da non dagoen ibilgailu bakoitza. Gainera, hornituta daude honako hauez ere: saskitxoa, hede malguegazkoa; atzeko eta aurreko led argiak, islagailuegazkoa; moldagailu bat urkilan, leunki ainguratzeko; jarlekuaren garaiera egokigarria; giltzarrapo adimenduna, GPSz hornitua, aparkatzen laguntzen duena; hagun sendo eta zulakaitza, zerrenda islagarriegazkoa; Shimano Nexus abiadurak aldatzeko sistema (3 abiadura); eta kable sarea koadroaren barrutik.
Aldaketak egiteko prozesuaren barruan, halaber, 9 ainguratze puntu berri sortu gura dira, eta egungo 31 geltokiak erabat berritu: zerbitzuaren harpidedunek –13.000 baino gehiago dira– han jaso eta utziko dituzte bizikletak, eta horrek 40 puntu berri ipintzea ekarriko du. Postu bakoitzak badu karga elektrikoko sistema bat ibilgailuak aparkatuta dauden artean energiaz hornitzeko.
Zerbitzuak bere gungo prezioari eutsiko dio, 20 €, Bilbon erroldatuta dauden pertsonentzat, eta 25 €, erroldatu gabekoentzat. Zerbitzuaren erabiltzaileek aukeran izango dute bizikletak telefono mugikorreko aplikazio baten bidez desblokeatzea, zeina Android eta iOS sistemetarako eskainiko baita, eta beraren bidez, gainera, izena eman ahalko da, bizikleta alokatu, aparkatu eta itzuli, besteak beste.
Zerbitzua hasi zenez gerozko 7 urte honetan, 2.081.396 joan-etorri eragin dira hirian bizikletaz, eta, horri esker, Bilbok mugikortasun jasangarriago bat izan du. Iaz, guztira, 321.084 mailegu egin ziren zerbitzuaren barruan, hau da, egunean 901 mailegu.