Eusko Jaurlaritzak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eta Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, herritar gazteentzako beren-beregi zuzendutako lehenengo Enplegu Plana abiarazi dute.
Ekimena garatzeko, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 2.188.670 euroko diru-laguntza bideratuko du, eta Bilboko Udalak egindako 1.500.000 euroko ekarpenarekin batera, ekimenak, guztira, 3.688.670 euroko inbertsio publikoa izango du.
Zehazki, langabezian dauden, Bilbon bizi diren eta erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 16 eta 29 urte bitarteko herritarrentzako enplegu-plan espezifiko bat da. Parte hartu nahi dutenek Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermea Sisteman inskribatuta egon behar dute. Enplegagarritasunaren aldeko neurri bat da, eta eskarmentu profesionala eskuratzeko aukera izango dute bertan.
Gazteen Enplegu Planaren testuinguruan, gehienez ere, 87 enplegu berri sortuko dira. Tokiko esparruan sustatuta, 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioak egingo dira. Udala, udal-arloak eta udal-entitateak zuzenean arduratuko dira kontratazioez. Eskaintzak zuzenean kudeatuko ditu Lanbide – Euskal Enplegua Zerbitzuak, zeinak Bilbao Ekintzaren udal-sozietatera desbideratuko dituen hautagaitzak.