Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, 2019ko ekitaldiko aurrekontuen proiektua aurkeztu du gaur, guztira, 562 milioi euroizango dituena. Argitu duen moduan, bere gobernu taldeak aurreikusitako zenbatekoa, guztira, ia % 5 igoko da aurreko urtearekin alderatuz gero; hortaz, 26 milioi euro baino gehiago izango ditu.
Ekonomia eta Ogasun zinegotzia den Marta Ajuriaz lagunduta, Bilboko agintari gorenak aurreratu du hiru helburu nagusik gidatuko dutela udalaren jarduna hurrengo ekitaldian:
1.- PERTSONAK: Ekimenak jarriko dira abian maila guztietan, bizi kalitatea, ongizatea eta gizarte kohesioa bultzatzeko (segurtasuna, garbiketa, garraioa, berdintasuna, osasuna, zerbitzu publikoak, kultura, euskara...)
2.- AUZOAK: Jarduketak berriak egingo dira: obrak, dinamizazioa, irisgarritasuna, hirigintza...
3.- JARDUERA EKONOMIKOA: Bultzada enpleguari, inbertsioei, proiektu berriei...
Udalberri eta EH Bildu alderdiek aurrekontu hauen aurka azaldu dira. Izan ere, hiru ardatz horiek bete nahi dituztela dioten arren, aurrekontuen gehiengoa obretara doa eta ez pertsonentzat. Lehen aipatutako igoera hori Etxebizitza, Segurtasuna eta Gazteria eta Kirola sailetan ez da ageri. Are gehiago, Etxebizitza zaila 4 millio euroko aurrekontutik 105.000€ra jaitsi dute azken bi urteetan.
Horrez gain, herritarrek emandako 346 proposamenetik bakarrik 11 aukeratu dituzte. Beraz, porlanean oinarritutako aurrekontuak direla salatu dute eta Colón de Larreategi kalean salduko duten eraikuntza akats bat dela adierazi dute.
AURREKONTUAREN ZATIKATZEA, ARLOKA
Arloka, eta langileei zuzendutako gastua kanpo (1. kapitulua), sail bakoitzarentzako aurrekontua honela banatuko da:
- Obrak, Zerbitzuak, Hiri Eraberritzea eta Espazio Publikoa: 136.643.800 €;
- Herritarren Segurtasuna: 6.968.200 €;
- Mugikortasuna eta Jasangarritasuna: 59.022.100 €;
- Ekonomia eta Ogasuna 52.026.500 €;
- Gizarte Ekintza: 40.297.400 €;
- Kultura: 33.622.900 €;
- Alkatetza, Kontratazioa eta Giza Baliabideak: 13.151.800 €;
- Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua: 24.780.000 €;
- Gazteria eta Kirola: 12.191.800 €;
- Hiri Plangintza: 3.778.600 €;
- Euskara eta Hezkuntza: 7.455.300 €;
- Osasuna eta Kontsumoa: 2.670.000 €;
- Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutiak: 2.192.000 €.
- Etxebizitza: 105.000 €.
Gune guztiek hurrengo ekitaldirako izango duten zenbatekoa, guztira (langileena kanpo), 406.503.000 € izango da, 2018an baino % 4,5 gehiago.