Greba mugagabea Bilboko Barceló eta NH hoteletako garbitasun zerbitzuetan

uriola.eus 2018ko aza. 2a, 10:09

Barceló eta NH hoteletako garbitasun zerbitzuetako langileek greba mugagabea egingo dute gaurtik aurrera. Enpresa gehienak dagoeneko Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ari dira aplikatzen. Constant taldeak halakorik beteko ez duela adierazi du.

ELA Sindikatuak aspaldidanik salatu izan du Bilboko hoteletako gelak garbitzen dituzten langileek pairatzen duten lan prekarioa. Garbitzaile hauek gelako 2,5 euro jasotzen dute; horregatik, amaigabeko lanorduak sartu behar dituzte hilaren amaieran 800 euroko soldata etxera eraman ahal izateko.

ELAren borroka Bizkaiko Ostalaritzako azken hitzarmenean izan da enpresa horiek derrigortzea langile hauek subroga ditzaten, eta ostalaritzako baldintzak aplika diezaizkieten, ez gaur egun daukaten egoera. Enpresa gehienak dagoeneko Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ari dira aplikatzen.

Constant taldeak, ordea, erabaki du ez duela halakorik beteko. Zehazki, enpresa honek Bilboko NHko eta Barceló taldearen Nervion hoteleko garbitzaileak ditu bere ardurapean. Sindikatuak adierazi duenez "Soldatak miserableak izateaz gain, lan-kargak gehiegizkoak dira, abusuzko ratioekin, kontratu prekarioekin eta iruzurrezko kontratuekin." Horregatik, langileek greba deitzea erabaki dute lan-baldintzak hobetzea eta kontratuak erregularizatzea aldarrikatzeko. Gainera, egoeraren berri eman zaio Lan Zuzendaritzari; honek iruzurrezko kontratuen egoera zaintzeko.

ELAk agintarien jarrera ere salatu du: "Bilbo hiri moderno gisa saltzen dute, nazioarteko ekitaldien eskenatoki (rugbyko finala, MTV sariak…), baina bitartean ezikusiarena egiten dute ekitaldi horien inguruan langileen miseria hedatzen delarik. Diru publikoa bideratzen dute etekin pribatuak eta esplotazio egoerak sortuko dituzten ekitaldi pribatu hauek antolatzeko."