Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak "beste Bilbo bat lortzeko lanean" jarraituko du

uriola.eus 2018ko aza. 6a, 10:46

Ostegunean atxilotu zuten kideari autoritatearen aurkako atentatua egotzi diote. Epaiketa atzeratzea lortu dute eta babesa emateko mobilizazioak egingo dituztela azaldu dute.

MTV Music Week astea bukatu da eta Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak eskerrak eman dizkie bere ekintzetan parte hartu duten eta protestekin lagundu dieten guztiei. "Piztu Bilbo Itzali MTV-tik aste honetako mobilizazio herrikoietan parte hartu duten eta inplikatu diren persona eta kolektibo orori eskerrak eman nahi dizkiegu: ostegunetik aurrera antolatu ditugun ekimen eta mobilizazioekin Bilboko kaleak borrokaz eta elkartasunez bete ditugu."

Horiek horrela, beste Bilbo bat lortzeko lanean jarraituko duela aldarrikatu dute. "Aldi berean, auzoetatik eta hiria bizi duten subjektu desjabetu eta subalternoek eraikitako beste hiri-/ lurralde-/ bizi- eredu bat, posible dela agerian geratu da" azaldu dute prentsara bidali duten oharrean.

Horrez gain, atxilotu zuten pertsonaren berri ere eman dute: "Epaiketa azkarra atzorako –astelehena– egon da aurreikusita. Hala ere, atzeratzea lortu dugu, hainbesteko lastertasun honek bere defensa eskubidea urratu baitu. Aurrerago herri honetan bizi behar izan dugun enegarren muntaia polizial honen aurkako mobilizazioak planteatuko ditugu."

Beraz, Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak aurrera segituko du eta laster ekintza berriak prestatuko dituzte, epaiketa baino lehen, pertsona horri babesa adierazteko. "MTVa joan egin da, baina guk hemen jarraitzen dugu. Eta hemen jarraituko dugu" aldarrikatu dute.