Garbigune mugikorrak azaroaren 12tik aurrera helduko dira Bizkaiko herrietako erdigunera, birziklatzea sustatzeko

uriola.eus 2018ko aza. 7a, 10:25

Iurretan jarriko dituzte lehenengoz gordailu horiek, eta gero, orain arte Bizkaiko Foru Aldundi honen ekimenean parte hartu duten beste 82 herrietako hiriguneetan kokatuko dira. Xedea ekipamendua horietan ematen ari den zerbitzua berritzea eta eguneratzea da.

Garbigune mugikorrek baserri-itxura dute eta han besteak beste honako hauek bota ahalko dira: pilak, CDak, DVDak eta kaseteak, etxeko olioa, etxetresna elektriko txikiak (plantxak, irabiagailuak, mikrouhin labeak), aerosolak, kableak, mugikorrak, sukaldeko tresneria (zartaginak, lapikoak...), metalezko eta plastikozko ontzi kutsatuak (pintura eta disolbatzaileak), kontsumigarri informatikoak (tinta-kartutxoak eta toner), kafe-kapsulak (metalezkoak eta plastikozkoak) eta erradiografiak.

Garbiguneek ematen duten zerbitzua berritzeko prozesuaren barruan, sarrera-erregistroa dagoeneko digitalizatu da, eta garbigune zentralak abian jarri dira, ordutegia luzatuta eta hondakin motak handituta.

Bizkaiko Foru Aldundiak udalerrietara birziklatzea hurbiltzeko diseinatutako garbigune mugikorrak datorren astelehenean, azaroak 12, hasiko dira martxan.  Iurretan hasiko dira gordailu horiek jartzen, eta gero, garbiguneetan emandako zerbitzua berritzeko eta eguneratzeko helburua duen ekimen honi atxikitako beste 82 herrietara mugituko dira.

Zerbitzu berria udalerri horien hirigunean emango da. Han, baserri baten itxura duen 2 x 1,20 x 3,80 metroko edukiontzia jarriko dute, eta ondoan, zuzen erabiltzeko informazioa ematen duen panel bat. Herritarrei garbigune mugikorrak jarri baino astebete lehenago jakinaraziko zaie, hondakinak biltzeko denbora izan dezaten. Astelehenetik ostiralera egongo da edukiontzia udalerri bakoitzean, gehienez astebete, epe hori igarotakoan biltzeko, husteko eta beste leku batean kokatzeko.