Goi mailako euskal kirola sustatzeko 2007an Eusko Jaurlaritzak eta EiTB irrati-telebista publikoak sortutako Basque Team fundazioak gaurtik aurrera bere egituraren barruan izango du Kerman Lejarraga boxeolaria. Basque Team fundazioak elite mailako euskal kirolariak bekatzen ditu kirol ez profesionaletan. Boxeoa kirol profesionala da, baina fundazioak egungo euskal kirolari onenak izan nahi ditu, hori dela eta, Kerman Lejarragari irudi-eskubide kontratua egingo zaio, gaur Biboko Mampo gimnasioan egindako prentsaurrekoan jakitera eman denez. Gaurko ekitaldian Kerman Lejarragarekin izan dira Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team fundazioko koordinatzailea eta Bartolome Torralba Euskal Boxeo Federazioko presidentea.
Kerman Lejarragak euskal boxeoaren garai onenak berreskuratu dituela azpimarratu behar da. Kermanek aurtengo apirilean Miribilla Arenan Bradley Skeete ingelesaren kontra bigarren roundean K.O. teknikoz lortutako garaipenaren ondoren, euskal boxeoak Europako txapeldun bat izan zuen 45 urteren ostean.. Kerman Lejarragak 1972. urtean txapeldun izandako Agustin Senin (‘Iralako tigrea’) bilbotarraren lekukoa hartu zuen.
Morgan (Bizkaia) 1992ko otsailaren 19an jaioa, Kermanek profesional mailara salto egin zuen 2013an Casillako polikiroldegian, Bilbon, eta harrezkero ez du porrotik jasan: 26 borroka irabazi ditu, horietatik 21 K.O.z