Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez eta Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez abian jarri dute gazteei berariaz zuzendutako lehenengo Enplegu Plana. Horren helburua da askotariko profil profesionaletako 87 lanpostu sortzea, zuzenean Bilbao Ekintza udal sozietateak kontratatuko dituenak eta 12 hilabetez lansaio osokoak izango direnak. Izen ematea zuzenean egin behar da Mazarredo Zumarkalean eta San Inazio Auzoan kokatuta dauden Lanbideren bulegoetan, azaroaren 14a (asteazkena) baino lehen.
Planaren baitan eratuko diren 87 lanpostuak askotariko profil profesionaletakoak izango dira, eta honako arlo hauetako prestakuntza duten gazteei daude zuzenduta, besteak beste: administrazioa, teknologia berriak, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza baliabideak, web proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, dokumentazioa eta artxibatzea, turismoaren sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, pieza historikoen zaharberritzea eta kontserbazioa, ingurumena eta gizarte lana.
Ekimena garatzeko, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 2.188.670 euroko diru-laguntza bideratuko du, eta Bilboko Udalak egindako 1.500.000 euroko ekarpenarekin batera, ekimenak, guztira, 3.688.670 euroko inbertsio publikoa izango du.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 30 urtetik beherako gazteei bereziki zuzendutako enplegu-plana baloratu du, eta esan du: “Tresna garrantzitsua dela Bilboko gazteen enplegagarritasuna hobetzeko, curriculuma hobetuz, eskarmentu profesionala hobetuz eta unerik kritikoenetako bat den honetan ere lehenengo enplegua izateko aukerak hobetuz”.
SARTZEKO BETEKIZUNAK
Zehazki, langabezian dauden, Bilbon bizi diren eta erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 16 eta 29 urte bitarteko herritarrentzako enplegu-plan espezifiko bat da. Parte hartu nahi dutenek Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermea Sisteman inskribatuta egon behar dute. Enplegagarritasunaren aldeko neurri bat da, eta eskarmentu profesionala eskuratzeko aukera izango dute bertan.
Gazteen Enplegu Planaren testuinguruan 87 enplegu berri sortuko dira. Tokiko esparruan sustatuta, 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioak egingo dira. Udala, udal arloak eta udal entitateak zuzenean arduratuko dira kontratazioez. Eskaintzak zuzenean kudeatuko ditu Lanbide – Euskal Enplegua Zerbitzuak, zeinak Bilbao Ekintzaren udal-sozietatera desbideratuko dituen hautagaitzak.