Bilboko Udaltzaingoak 174 urte bete ditu gaur

uriola.eus 2018ko aza. 8a, 16:42

Egun hau ospatzeko, azaroaren 8a, erakustaldi txiki bat egin da udaletxearen aurrean. Bilboko Udaltzaingoa 1844 azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen agintaldian.

Izan ere, berak erabaki zuen Udaltzaingoa sortzea eta lehendik zeuden aguazilen kidego txikia antolatzea; horrela eratu zuen tokiko erakunde modernoa, jendeak gero eta segurtasuna handiagoa eskatzen baitzuen.

Hasieran, udaltzaingoan 12 agente baino ez ziren egon. Gaur egun, ia mende biko ibilbidearen ondoren, 827 pertsona baino gehiago daude Bilboko Udaltzaingoaren plantillan (agenteak, agintariak eta atxikitako administrariak). Horietako 775 poliziak dira (67 emakumezko, % 8,6) eta langileen batez besteko adina 47 urte.

Denborarekin, Udaltzaingoaren zeregina aldatu egin da. Gaur egun gakoa prebentzioa da, auzoetan oinez ibiltzen diren polizia-patruilekin, horrek segurtasunaren pertzepzioa areagotzen baitu. Herritarren beharrizanak betetzen dira, batez ere adinekoenak eta andrazkoenak.

Horrez gain, Udaltzaingoak harreman estua dauka auzoetako elkarteekin eta beste erakunde batzuekin, haien kezkak zeintzuk diren jakiteko eta arazo zehatz batzuen aurrean ahalik eta irtenbiderik onena aplikatzeko.

Beste alde batetik, Bilboko Udaltzaingoak 25 urte daramatza umeekin lanean Bide Hezkuntzan laguntzeko programen bidez. Horrela, bideko segurtasunaren arloan gogoeta sustatu, balioetan hezi, ezagutzak partekatu eta jarrera egokiak garatzen dira eta herritarren segurtasunaren arloko ezagutzak eskaintzen.