Alde Zaharra eta Santutxu auzoen arteko igogailu berria inauguratu dute

uriola.eus 2018ko aza. 12a, 13:09

Bilboko Udalak, gaur, Atxuriko auzoan irisgarritasuna hobetzeko plana burutu du, igogailu berri bat abian jarriz, Alde Zaharra eta Santutxu ororentzako irisgarritasunez lotuko dituena, Basobide kaletik hasi eta Solokoetxeraino.

Igogailuak 28 metroko garaiera aldea iragan behar du. Kabinan 21 lagun sar daitezke, eta gainerako igogailuetan bezala, denbora errealeko zainketa sistema bat, argindarrez etengabe hornitzeko sistema bat eta kabinaren barnealdearekin komunikatzeko sistema bat edukiko ditu. Obra honek 561.628 euroko inbertsio bat eragin du, eta Bilboko Udalak inbertsioaren % 55 jarri du, eta Antiguo Berri sustatzaileak % 45a, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko aholkularitza tekniko guzti-guztiaz gain.

Igogailua elkarlan publiko-pribatuaren emaitza da, eta Surbisak kudeatzen du, Enkarnazio Parkean egitekoa den hiri-jardun orokorraren barruan, zeina Bilboko Udalak Antiguo Berri sustatzaileari agindu baitzion. Zehazki, epe luzeago batean egitekoa zen plazatxo baten hirigintza-kargaren ordez, igogailu publiko bat eginarazi da, Atxuri eta Santutxu lotuko dituena Basobide kaletik hasi eta Solokoetxeraino.

Era horretan, hobetu egingo da bi auzoetan bizi diren bizilagunek erruz erabiltzen dituzten ekipamendu publikoen arteko komunikazioa, hala nola Solokoetxeko osasun-etxea, irakaskuntzako ekipamenduak, Atxuriko kirol guneak, Euskotren geltokia eta tranbia, eta abar.