Era horretan, Bilboko alkateak aditzera ematen du bat egiten duela Euskaraldia ekimenarekin, eta herritarrak animatzen ditu parte hartzera, dela Ahobizi moduan edo Belarriprest moduan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo diren era bateko eta besteko ekintzetan. Euskara kalera ateratzea, haren erabilera sustatzea eta hizkuntza-ohiturak aldatzea da helburua.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizieta Belarriprest bihurtzea da helburua. Ahobizi dira euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo dieten lagunak (eta ezezagunei ere lehen hitza euskaraz egingo diete). Belarriprest, berriz, euskara ulertzen duten pertsonak dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko dietenak.
Euskaraldia ez da kanpaina bat, ezta euskararen aldeko jai bat ere.Euskaraldia ariketa sozial bat da. Helburua da herritar euskaltzaleak aktibatzearen bidez euskararen erabilera sustatzea. Eta horren harira, euskararen inguruan lanean ari diren zenbait sustatzailek Euskaraldia sortu dute.
Hain zuzen, helburua izango da euskaldunen hizkuntza-harremanetan eragitea, eta haien harreman-sareetan euskararen erabilera gehitzea. Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi da. Horrez gain, era bateko eta besteko erakundeek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango du xede Euskaraldiak.