UdalBerri – Bilbao en Común koalizioarentzat garaia iritsi da Bilbok ikuskizun horiek dakartenaren aurkako jarrera har dezan, hots: askatasunik eza, entrenamendu krudelak eta etengabeko konfinamendua. Hori dela-eta, Ahal Dugu, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak taldeek osatutako koalizioak Bilbo animaliak dituzten zirkurik gabeko hiri deklaratzearen premia azpimarratzen du, aurreko udan arazo burokratiko bati esker Aste Nagusian lehen aldiz animalien tratu txarrik gabeko zirku-ikuskizun bat hartzeko aukera izan ondoren.
Amaia Arenal zinegotziak esan du hori ez dela nahikoa eta nolabait blindatu egin beharko dela gure hirira animaliak dituen zirkurik berriz ez etortzeko. “Zirkua bete egin zen eta jende askok pozik hartu zuen albistea. Garaiak aldatu egiten dira eta herritarrek uste dute zenbait praktikak jada ez dutela tokirik gaur egun, gure planetako gainerako izaki sentiberekiko errespetu handiagokoa izango den mundu baterantz aurrera goazen une honetan. Eta gobernu-taldeak ere hori ulertu behar du eta akats burokratiko hori jarrera politiko bihurtu etorkizunean Bilbon animaliak erabiliko dituzten ikuskizun gehiago ez dela izango ziurtatzeko”.
Erabaki hori hartu dute jada EAJk zein PSOEk gobernatutako hiri askotan, eta bi alderdi horiek dira, hain zuzen ere, Bilbo gobernatzen duten indar politikoak. Haatik, 2017ko otsailean Udalberrik mozio hori bera aurkeztu zuenean, erretiratu egin behar izan zuen, ekimenaren edukia husten zuen zuzenketa bat aurkeztu baitzuen gobernu-taldeak. “Uste dugu oraingoan ezin digutela ezetz esan. Alde batetik, ikusi dugu aurtengo udan ez dela arazo bat izan, justu guztiz kontrakoa baizik, eta bestetik, Bilbo da konpromiso hori hartu ez duen euskal hiriburu bakarra, baita Estatuko azkenetako bat ere”, Arenalek esan duenez.