Euskaraldia

Euskaraldiaren hasiera ekitaldia Azkuna Zentroan egingo dute

uriola.eus 2018ko aza. 13a, 11:18

La Basu eta Las Tea Party taldeak bertan egongo dira zuzenean. Horrez gain, Ane Zabala Bilbo Hiria irratiko kazetaria, Goizalde Landabaso EITBko kazetaria eta Galder Perez aktorea ere bertan egongo dira.

Euskaraldia azaroaren 23an hasiko da. Hori dela eta, Euskaraldia Bilbok egun bat lehenago hasiera ekitaldia antolatu du. Azkuna Zentroan egingo dute eta iluntzeko 19:30ean hasiko dira ekitaldiarekin. La Basu eta Las Tea Party taldeak bertan egongo dira zuzenean. 

Euskaraldia ariketa sozial bat da. Helburua da herritar euskaltzaleak aktibatzearen bidez euskararen erabilera sustatzea. Eta horren harira, euskararen inguruan lanean ari diren zenbait sustatzailek Euskaraldia sortu dute.

Hain zuzen, helburua izango da euskaldunen hizkuntza-harremanetan eragitea, eta haien harreman-sareetan euskararen erabilera gehitzea. Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi da. Horrez gain, era bateko eta besteko erakundeek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango du xede Euskaraldiak.