Kerman Lejarragak BECa beteko du welter pisuko Europako titulua defendatzeko

uriola.eus 2018ko aza. 16a, 11:29

Sarrera bakar batzuk gelditzen dira salgai biharko burruka ikusteko. Morgako 'Errebolberra' Frankie Gavinen aurka arituko da welter pisuko Europako titulua defendatzeko eta Estatu Batuetara salto egiteko aukera egongo da jokoan.

Kerman Lejarragak euskal boxeoaren garai onenak berreskuratu dituela azpimarratu behar da. Kermanek aurtengo apirilean Miribilla Arenan Bradley Skeete ingelesaren kontra bigarren roundean K.O. teknikoz lortutako garaipenaren ondoren, euskal boxeoak Europako txapeldun bat izan zuen 45 urteren ostean.. Kerman Lejarragak 1972. urtean txapeldun izandako Agustin Senin (‘Iralako tigrea’) bilbotarraren lekukoa hartu zuen.
 
Morgan (Bizkaia) 1992ko otsailaren 19an jaioa, Kermanek profesional mailara salto egin zuen 2013an Casillako polikiroldegian, Bilbon, eta harrezkero ez du porrotik jasan: 26 borroka irabazi ditu, horietatik 21 K.O.z

Bihar Kerman Lejarragak welter pisuko Europako titulua defendatuko du Barakaldoko BECen Frankie Gavin ingelesaren aurka. Askok esan dute urteko borroka garrantzitsuena izango dela. Lehen aldiz defendatuko du Morgako boxeolariak welter pisuko gerrikoa. 
 
Burrukaldia ETB1en emango dute zuzenean. Horrez gain, Eurosport kanala ere bertan egongo da eta Estatu Batuetan ere ESPN katean ikusteko aukera ere egongo da. Izan ere, Kerman han ikusi nahi dute zuzenean borrokatzen, eta garaipena lortuz gero saltoa emateko aukera izango du. Burrukaldia ez da 23:30ak baino lehenago hasiko Amerikan ikusteko gogoak daudelako.
 
Gavinek, mundu mailako amateur kategoriako urreak, 32 urte ditu eta 26 garaipen (15 KOz) eta 3 porrot pilatzen ditu. Urte bat eta hiru hilabete daramatza borrokatu barik. Horrek eta Kerman Lejarragak Skeeteren contra apirilean lortutako garaipenak Lejarraga faborito egiten dute. Gavinek dio Kerman Kell Brook munduko txapelduna bezain gogorra dela. Kermanek, bestalde, azpimarratzen du ezkertiar baten kontra aritzea beti izaten dela zaila. Bere ustez Skeete defentsiboagoa zen, eta ez zituen borroka gogorrak bere curriculumean, Gavinek bezala.