“Santurtzitik Bilbora” lasterketa igandean izango da

uriola.eus 2018ko aza. 21a, 09:53

3.500 atleta baino gehiago izango dira datorren igandean, azaroak 25, “Santurtzitik Bilbora” nazioarteko lasterketaren XXX. edizioan parte hartzen. Izen ematea barikura arte zabalik egongo da.

Lasterketa 11:15ean hasiko da, Santurtziko Mikel Trueba kiroldegian, eta Bilboko Kale Nagusian amaituko. 15,8 kilometroko ibilbidean zehar, nazioarteko atletek eta kirol horretako zaletuek ibai ezkerreko zenbait udalerri igaroko dituzte, sardina-saltzaileek Santurtziko kaitik Bilboko uriraino egiten zuten bidea oroituz. Antolatzaileek 2 ordu ezarri dute ibilbidea egiteko gehienezko denboratzat.

Guztira, 8.000 euro banatuko dira saritan. Gainera, kirol-materialerako txartelak ere banatuko dira zozketa bidez, eta asteburu bat ere bai Gran Hotel Puente Colgante de Portugalete hotelean. 
Izena emateko epea azaroaren 23an amaituko da, ostiralean, eta, beraz, parte hartu nahi duten guztiak garaiz daude oraindik ere izena emateko Santurtziko Mikel Trueba kiroldegian.