Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako mobilizazioak egingo dituzte

uriola.eus 2018ko aza. 23a, 09:50

Agerraldi bat egin dute Bilbon, azaroaren 25ari begira antolatu dituzten ekimenak aurkezteko, hots, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako deitutako mobilizazioen berri emateko.

Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna” da. Data honetan hainbat administrazio eta instituziok ekimen eta agerraldi anitz egin ohi dute. Baina, hala ere, ekimen hauekin guztiekin batera ez da sekula politika aldaketarik etortzen.

Duela 14 urte genero indarkeriaren kontrako lege integrala onartu zen; lege honek bikotekideak edo bikotekide ohiak eragiten duen indarkeria baino ez du kontuan hartzen eta, hortaz, kanpoan uzten ditu emakumeok gure kaleetan, tabernetan, lantokietan... pairatzen ditugun beste indarkeria mota asko, gure gorputzak, gure sexualitatea eta, oro har, gure bizitzak kontrolatzeko gauzatzen diren indarkeria matxista horiek guztiak, alegia.

Lege integrala onartu eta gero, Hego Euskal Herrian Emakumeen kontrako Indarkeria arloko Epaitegiak jarri ziren martxan. Epaitegi hauek osatzeko ez ziren baliabide material eta giza baliabide nahikorik ipini, nahiz eta bikotekideek eta bikotekide ohiek eraildako emakumeen kopurua izugarria izan, momentu hartan eta gaur egunean ere.

LABek azken urteotan salatu izan dute epaitegi hauen jarduera aurrera ateratzeko baldintza kezkagarriak. Sindikatuak azaldu duenez "Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean justizia aldarrikapena gero eta ozenagoa zenean izan ziren sortuak epaitegi hauek, aldarrikapen hori zelanbait apaltzearren; hortaz, gero eta nabariagoa da ezarri zuten eredua alde guztietatik hutsunez beterik dagoela."