Gatazka konpontzen eta beren hoteletan diharduten Grupo Constanteko langileen egoera hobetzen saiatu ordez, kate horiek Cor Outsourcing enpresarengana jo zuten greban dauden langile guztiak ordezkatzeko. Ordezkapen hau garestiagoa da grebalariek galdegiten dituzten soldatak baino -Cor Outsourcing-i kanon handiagoa ordaintzen zaio-; gainera, NH kateak grebaren ondorioak ekidin nahian Iruñetik langileak ekarri ditu eta hotelean bertan eman die ostatu.
Enpresei dokumentazio ugari eskatu eta NH eta Barceló kateetako zein Grupo Constanteko arduradunekin elkarrizketak egin ondoren, Lan Ikuskaritzak erabaki du, Auzitegi Konstituzionalaren epaien arabera, oinarrizko eskubideak aplikatu ezineko gunerik ezin dela onartu. Gainera, egiaztatu du Grupo Constantek Bizkaiko ostalaritza hitzarmeneko soldatak ordaintzen dituela joan den irailetik hona -hitzarmena argitaratu zenetik- beste hotel batzutan; haatik, greban dauden bi hoteletan ez du halakorik egiten bi kateekin duen akordioa medio. Honek esan nahi du NH eta Barceló kateek ardura zuzena dutela gela garbitzaileen esplotazio egoeran.
ELAk goian aipatutako lau enpresen kontra demanda sartuko du oinarrizko eskubidea urratzen ari direlako, era koordinatuan ari direlarik garbitzaileen eskubideak kaltetzen. Hain zuzen, kaltea bere onera ekartzeaz gainera, sindikatuak kautelazko neurriak ezartzeko demanda ere sartuko du, greba eskubidea ez dadin urratu; horrenbestez, galdegingo du kanpoko enpresei edota Grupo Constant berari galaraz diezaietela greban daudenen eginkizunak betetzea.
ELAk berriz dei egiten die gatazkan nahastuta dauden enpresei negoziazioari berriz ekin diezaioten. Hori zen Lan Zuzendaritzaren asmoa: azaroaren 22rako alde guztiak bilera batera deitu zituen, baina gatazka duela 20 egun hasi zen arren, Grupo Constantek uko egin dio parte hartzeari.
Greban dauden langileen izenean ELAk barkamena eskatzen die hotel hauetan ostatu hartu dutenei, protestek eragin ditzaketen eragozpenengatik. Gatazka luzatzen ari da enpresen fede txarraren eraginez, batetik, eta arazoa konpon dezaketenen utzikeriagatik, bestetik.