Bilbobuseko enpresa batzordeak mobilizazioak eta lanuzteak iragarri ditu datorren hilabeterako, lan-hitzarmen berrian “murrizketa etengabeak” jarri nahi dituztela salatzeko. Lanuzte horien artean San Tomas egunean egun osoko greba egingo dutela iragarri dute “Murrizketei ez, negoziazioa orain! Bilbobus borrokan!” lelopean.
Gauzak horrela, lehen greba eguna abenduaren 3an izango da. Enpresa batzordetik jakinarazi dutenez, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dituzte lanuzteak. Abenduko lehen astean, hilaren 3an eta 5ean bi orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko. Abenduaren 10ean, 12an, 14an, 17an eta 19an, berriz, txanda bakoitzeko lau ordukoak izango dira lanuzteak. Protestekin bukatzeko, abenduaren 21an, San Tomas egunean, egun osoko greba egitea erabaki dute.
ELAtik salatu dutenez, behin-behinean lanean ari diren langileen kopurua “gero eta handiagoa” da. Hala, lantaldea 600 pertsonek osatzen duten arren, 150 langilek behin-behineko kontratua dutela ziurtatu du. Arrazoi horregatik, behin-behinean lanean ari diren langileen kopurua “gero eta handiagoa” dela azpimarratu du.