Euskaraldia

Euskaraldiaren hasiera ekitaldia gaur Alondegian

uriola.eus 2018ko aza. 22a, 12:53

Bihar mila belarriprest eta ahobizi aterako dira kalera 11 egunez txapekin papar-hegalean eramanez, euskaraz hitz egiteko, entzuteko eta bizitzeko prest. 

Euskaraldia bihar hasiko da, azaroaren 23a, eta hamaiak egunez hizkuntz dinamikak aldatzeko ekimenean murgilduko gara. Hori dela eta, Euskaraldia Bilbok egun bat lehenago hasiera ekitaldia antolatu du. Azkuna Zentroan egingo dute, iluntzeko 19:30ean hasiko den ekitaldiarekin. 
 
Bertan, Goizalde Landabaso, Ane Zabala eta Galde Perez aktoreak, La Basu eta Las Tea Party dj-ak egongo dira eguna girotzen. Nola ez, Bilboko Euskaraldiaren hamaiakoa osotzen duten kideak ere han egongo dira.

Euskaraldia ariketa sozial bat da. Helburua da herritar euskaltzaleak aktibatzearen bidez euskararen erabilera sustatzea. Eta horren harira, euskararen inguruan lanean ari diren zenbait sustatzailek Euskaraldia sortu dute.

Hain zuzen, helburua izango da euskaldunen hizkuntza-harremanetan eragitea, eta haien harreman-sareetan euskararen erabilera gehitzea. Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi da. Horrez gain, era bateko eta besteko erakundeek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango du xede Euskaraldiak.