Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala hasi da. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea du xede. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dute.
Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete. Ariketa sozial handia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Izen-emate datuak
Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren (Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten), bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dituzte gaur Baionan egin den aurkezpen ekitaldian.
Izena emateko bi baldintza bete behar zituzten partaideek: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka entitatetan egon da izena emateko aukera, batzordeetan aritu diren milaka boluntarioei esker.
Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko den ariketan. Partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean.
Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak:
- Araban 17.500
- Bizkaian 68.500
- Gipuzkoan 84.000
- Ipar Euskal Herrian 5.500
- Nafarroan 20.500
Ariketa: hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia
Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia eginez amaitu dute antolatzaileek Baionako ekitaldia. Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean murgiltzeko akuilu izango da, Euskaraldiko bozeramaleen ustez.
Izan ere, ariketaren oinarria ahobizieta belarriprestrola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin diete.