Bilboko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako lehenengo Ordenantza onetsi dute

uriola.eus 2018ko aza. 29a, 11:55

Aurten martxoan egindako osoko bilkuran hasierako onespena eman eta ondoren Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, 10 alegazio gehitu zaizkio dokumentuari, Uriko elkarte, entitate eta pertsona juridikoek aurkeztuta.

Ordenantzari gehitu zaizkion alegazioak zazpi arlotan bana daitezke: agerira ekartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta dibertsitatearen gaineko informazioa eta komunikazioa; berdintasun arloko formazioa; genero-indarkeriaren zuzeneko biktima diren adingabeen kontzeptua sartzea; emakumeek eta haien gain diren seme-alabek jasandako kalteak konpontzeko behar diren neurriak sustatzea; eta bortizkeriari aurre egiten dioten emakumeentzako prebentzioa eta arreta.

Aurkeztutako 223 alegazioen artean, badira ekintza-proposamen batzuk, epe zehatz batean eta helburu operatiboak ezarriz garatu beharrekoak. Eta horien interesa dela eta, Bilboko Udalak erabaki du aztertu egingo dituela, etorkizuneko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako V. Udal Planaren edukien artean eranstearren. Ezetsitako alegazioen artean, badira termino batzuk dagoeneko ordenantzari hasierako onespena emateko osoko bilkuran eztabaidatu zirenak, hala nola ordenantzaren ikuspegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak sustatzeko udal antolamendua, emakumeek jasaten duten indarkeria definitzeko erabiltzen den terminologia eta, azkenik, emakumeen eta feministen elkarte eta mugimenduen artean ezarritako solaskidetza sozialerako egitura.

ORDENANTZAREN HELBURUAK

Ordenantza hau arau bat da eta, beraren bidez eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal-planen bidez, Udalak eginahalak egingo ditu gizarte eta genero arloko diskriminazioak eta desberdintasunak sortzen eta birsortzen dituzten egiturak kentzeko eta emakumezkoen aurkako indarkeriaren kausak eta ondorioak ezabatzeko.

Horrela, bada, Udalak hiru helburu ezarri ditu:

  1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, Bilboko Udalaren eta haren menpeko erakundeen jarduna zuzenduko duten printzipio orokorrak ezartzea.
  2. Emakume guztien eskubideak oso-osorik baliatu ahal izateko behar diren baldintzak sustatzeko eta bermatzeko neurrien multzo bat arautzea, dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatuz, Bilboko Udalaren jardunaren eremu guztietan.
  3. Emakume guztien ahalduntzea sustatzea eta haien posizio soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala sendotzea eta haien aurkako diskriminazio modu guztiak ezabatzea, haien eskubideak egiaz baliatu ahal izan daitezen.

Ordenantza Udalean eta haren menpeko erakundeetan aplikatuko da. Menpeko erakundeak dira erakunde autonomo guztiak, batetik, eta sozietate publikoak, bestetik, baldin eta Udalak haien kapitalaren edo gizarte-funtsaren erdia baino gehiago badauka. Era berean, kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten edo laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuetan aplikatuko da.

ORDENANTZAREN BERRIKUNTZAK

Berritasunen artean, udalaren antolaketari dagokionez, Emakumeen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Udal Unitateaksortzea proposatzen da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza espezifikoa edo esperientzia daukaten langile teknikoekin. Helburua da sail edo erakunde bakoitzak berdintasunerako programak ezartzeko daukan gaitasuna sendotzea; hortaz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu eta koordinatuko dituzte sail bakoitzean.

Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburuaren zeharkakotasuna hobetzeko estrategia berria aurkeztu da. Hori gauzatzeko, egitura politiko eta teknikoak sortuko dira, udal sail eta erakunde guztien inplikazioa eta ordezkaritzarekin. Hauek dira egitura horiek:

Bilboko udalaren jarduera koordinatzeko eta jarraitzeko sailen arteko Batzordea

Alde batetik, Sailen arteko Batzorde bat eratuko da, Bilboko Udalaren sailek edo/eta menpeko erakundeek berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko.

Batzorde hori Berdintasun Sailean egongo da, eta udal sail edo erakunde bakoitzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak diseinatzeko, sustatzeko eta koordinatzeko izendatuko dituen langileek osatuko dute.

Emakumeen eta gizonen arteko laneko berdintasunerako Batzordea

Bestetik, Berdintasunerako Batzordeak koordinatuko ditu Udalaren lan-harremanen eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako garatzen diren politikak eta programak.

Organo horretan izango dira Alkatetza Saileko, Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko, Berdintasun Saileko eta Langileen Batzordean ordezkaritza daukaten sindikatuetako ordezkariak.

Batzorde horren helburu nagusia izango da emakumeen eta gizonen artean lan-harremanen eremuan gertatu daitekeenedozein diskriminazio saihestea Bilboko Udalean, eta udal langileen berdintasunerako planen diseinuan, sustapenean, koordinazioan eta ebaluazioan parte hartzea.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoa

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoa ere sortuko da, berdintasun-politikak ezartzea eta berdintasun-planen jarraipena egitea ahalbidetuko duen elkarrizketarako espazio modura.

Organo horretan izango dira Bilboko Udalbatzan ordezkaritza daukaten talde politiko bakoitzaren zinegotzi bat, Berdintasun Saila eta Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluko ahaldun bat.

Azkenik, eta herritarrekin, hau da, Bilboko emakumeen elkarteekin eta elkarte feministekin izan beharreko elkarrizketari dagokionez, parte hartzeko egitura malgu bat prestatuko da haiekin harremanetan jartzeko eta hitz egiteko. Horrela, bada, elkarrekiko diskurtso bat eta estrategia bateratu bat sortu nahi dira, betiere honako hau sustatu eta bultzatzeko eta honi buruz elkarlanean jarduteko: politikak proposatzea, Bilbon emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna zailtzen duten oztopoak kentzeko jarduteari edo zerbitzuak emateari buruz.

Ordenantza berri honetan jasotzen diren beste gai batzuk generoaren ikuspegia Udalaren eta hari lotutako erakundeen jardueran sartzeko neurri administratiboak dira. Neurri horien artean daude emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal plan bat garatzea; sexuaren aldagaia estatistiketan, inkestetan, erregistroetan eta datu-bilaketetan sartzea modu sistematikoan; generoak ordenantzetan, plan estrategikoetan eta administrazioko ekintza orokorretan daukan eragina aldez aurretik ebaluatzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza; eta generoaren ikuspegia sartzea kontratazio publikoan eta diru-laguntza publikoetan.

ORDENANTZAREN EGITURA

Ordenantza hiru titulutan egituratzen da eta 35 artikulu eta zazpi xedapen dauzka.

  • Atariko Tituluak hiru artikulu dauzka eta xedea, helburuak, aplikazio-eremua eta ordenantzaren hastapenak zehazten dira.
  • I. tituluak kapitulu bi dauzka, eta udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan dauzkan eskumenak, zereginak eta antolaketa zehazten dira.
  • II. tituluak sei kapitulu dauzka, eta generoaren ikuspegia gaur egungo udal administrazioan sartzeko neurriak arautzen ditu.
  • III. tituluak lau kapitulu dauzka, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenaz dihardu, gaitasunei arreta emanda eta sekzioen arteko ikuspegia sartuz.
  • Ordenantzaren amaieran daude finantzazioari, jarraipenari eta ebaluazioari buruzko xedapen gehigarri bi, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapena.