Euskaraldiaren azken egunarekin bat, Bideberrieta Kulturguneak proiektuarekin bat egin nahi izan du; horretarako, arte eszenikoen, literaturaren, musikaren edo zientziaren arloan (hau da, urtean zehar Kulturguneko programazioa betetzen duten arloetan) euskararen alde aritzen diren askotariko pertsona eta kolektiboak elkartu nahi izan ditu. Zornotzako INUN abeslaria izango dute gidari; INUNek idazle euskaldun asko eta askoren poemak musikatu ditu. Hala, ekitaldian hainbat pertsona eta talde izango ditugu, eta haietako bakoitzak euskarari omenaldia eskainiko dio, bere lengoaian.
Hamaika gonbidatu horien artean honako hauek aurki ditzakegu: INUN, Gontzal Mendibil edo Rogelio Botanz musikariak; Goizalde Landabaso eta Juanra Madariaga idazleak; Arkaitz Estiballes bertsolaria; Karmele Larrinaga aktorea (Bagoaz eta Goazen saioetan aritu da), edota Sara Prieto marrazkilaria. Hain zuzen ere, Sara Prietok zuzenean marraztuko du, Josu Bergararen ahotsak eta gitarrak lagunduta.
Horrez gain, Mungiako Amilotx Dantza Taldea ere bertan izango da; duela gutxi “Kantuetan Dantza” ikuskizuna estreinatu du, 25 dantzarirekin. Zientziak presentzia handia du Bidebarrietan, Bidebarrieta Zientifikoa programazioaren bidez; hari horretatik tiraka, Juan Ignacio Pérez izango dugu bertan, zientzia eta euskara elkarrekin joan daitezela frogatzeko.
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izaten da, urtero. 1949an ezarri zuen Euskal Ikasketen Sozietateak, eta 1995ean erakundeetara iritsi zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren lankidetzari esker. BIDEBARRIETA KULTURGUNEA literatura eta ezagutza humanista nahiz zientifikoa ezagutarazteko gune bat da, eta Bidebarrieta Liburutegian dago.
AGENDA
EUSKARAREN EGUNA 2018
ABENDUAK 3. 19.30
“HAMAIKA EGUN, HAMAIKA SORTZAILE”
Musika, poesia, dantza, antzerkia, ahotsa, ilustrazioa, zientzia...
1.Inun, kantautorea eta musikaria.
2.Sara Prieto, marrazkilaria.
3.Josu Bergara, abeslaria.
4.Juanra Madariaga, poeta eta mendizalea.
5.Gontzal Mendibil, musikaria.
6.Goizalde Landabaso, idazle eta kazetaria.
7.Amilotx dantza taldea.
8.Arkaitz Estiballes, bertsolaria.
9.Juan Ignacio Pérez. UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra.
10.Karmele Larrinaga, aktore eta abeslaria.
11.Rogelio Botanz, kantautorea; eta Udane Goikoetxea, kazetaria