Euskaraldia

Euskaraldia: 11 egunez 17.000 lagun ahobizi edo belarriprest izan dira Bilbon

uriola.eus 2018ko abe. 4a, 10:22

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, amaitu da Euskaraldia. Euskararen erabilera eta euskarazko hizkuntza-harremanak bultzatu nahi izan dituen ariketa sozial honek hamaiaka egunez Ahobizi eta Belarriprest txapekin jantzi ditu Bilbotarrak.

Bilboko Udalak ere eskertu nahi izan die Euskaraldian parte hartu duten milaka herritarrei eta udaleko langileei. 11 egunez, euskaraz dakiten pertsonak eta, menperatu ez arren, ulertzen duten guztiak aktibatzen jardun da, euskararen erabilpena erraztu eta susta dezaten. Helburua zen euskararen erabilera eta euskarazko hizkuntza-harremanak sustatzea herritar guztien artean, dakiten neurrian.

Euskalzaleak, langileak, ikasleak, erretiratuak, suhiltzaileak, taberna, denda eta saltokietako saltzaileak, udaltzainak, garbiketako eta lorezaintzako langileak, Bilbao Kirolak, Athleticeko langileak eta jokalariak, Arriaga antzokiko langileak, Mutualiako langileak, hiritarrak... izan dira protagonistak. Bilbon, guztira, 17.000 pertsonek parte hartu dute ekimenean.

Atzo, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera amaituko da Euskaraldia. Euskararen erabilera eta euskarazko hizkuntza-harremanak bultzatu nahi izan dituen ariketa sozial honen ostean, Euskaraldia bultzatu duten elkarteek herritarrak animatu nahi dituzte euskaraz egiten jarraitzera, urteko 365 egunetan, eta lehenengo hitza beti euskaraz egitera.

Datorren urtean elkarte eta enpresei begira beste Euskaraldi bat egin nahi dute. Orduan, herritarren hizkuntza-harremanak sustatzeaz gain, lanean ere harreman horiek aldatzeko etorriko da Euskaraldia. Hala ere, guztiek bat egin dute aldarrikapen berdinarekin. Askotan azaldu dutenez "Euskaraldia ez da jai bat, ez da bakarrik hamaika egunetan euskara erabiltzea, baizik eta hizkuntza-harreman horiek aldatuz euskara urte osoan erabiltzea."