Iparragirre kalea aldatuko dute oinezkoei lehentasuna emateko

uriola.eus 2018ko abe. 12a, 12:15

Udalak 2019an abiatuko du Guggenheim Museoaren eta San Jose plazaren arteko zatia, trafikoen arteko bizikidetza erraztuz baina pertsonen joan-etorriei lehentasuna emanez ibilgailuen gainetik. Horretarako, espaloiak zabalduko dira galtzadaren kota berean.

Bilboko Udalak Iparraguirre kalea txukunduko du, Guggenheim Museoaren eta Azkuna Zentroaren arteko ardatz izateko. Lan horiek faseka egingo dira eta gaur, hain zuzen ere, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Asier Abaunzalehenengo fasea aurkeztu du, Museoaren eta San Jose plazaren arteko zatia. 8.500 metro karratuko jarduketa-eremua da, luzetara 330 metro ditu eta lehentasuna emango zaie oinezkoei, espaloiak zabalduta; 3,5 metroko espaloiak 5,5 metro izateraino zabalduko dira.

Gainera, espaloiak galtzadaren kota berean egongo dira eta zirkulazio-erreia orain arte bezala noranzko bakarrekoa izango da. Aparkalekuak oraingoz kendu egingo dira baina laster Juan Ajuriaguerra kalean egingo den aparkalekuen berrantolaketaren ondoren berriro jarriko dira.

Espaloietan granitozko zoladura jarriko da, kalitateko materiala erabiltze aldera. Argiztapenak berebiziko garrantzia izango du jarduketa-eremu osoan. Sigi-sagan egongo den katenaria batek lotuko ditu zutoinak eta handik zintzilik led motako argi linealak ipiniko dira, ausazko marrazkia osatuko dutenak, inguruari dinamismoa emanez eta Guggenheim Museoarekin nahiz Azkuna Zentroarekin lotuz.

Mugimendu-itxura hori areagotu egingo da bi gunetan: San Jose plazan, eta Guggenheim-en inguruan; hor sabai itxurako batean led argiak jarriko dira linean, aramu-sarea osatuz lurretik zazpi metroko altueran. Espaloia eta galtzada ere led-tira batek banatuko ditu eta gainera, semaforoekin koordinatuta, kolorea aldatuko zaio, oinezkoei abisatzeko.

Orain dauden zuhaitzen ordez gereziondo japoniarrak landatuko dira. Loratze bereziko espeziea da, altuegia izan barik eta kopa handiegia izan barik, egokia kaleari argitasunik ez kentzeko. Kolore berdeago eta neutroago beste espezie batzuk tartekatuko dira. Orain dauden zuhaitzak hortik kendu eta uriko beste gune batean landatuko dira.

Honako hau Iparraguirre kalea lasaiagoa izateko aurreneko urratsa da; ondoren etorriko dira beste batzuk, irizpide berberei jarraituta. Hala ere, tarte bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuko dira irtenbideak proposatzerakoan. Lehenengo fase honen aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da, lanak gauzatzeko epea 12 hilabetekoa eta lanak 2019an hasiko dira.