Hitzarmena gaur goizean sinatu dute, Zorrotzaurreko inguruan 66 zuzkidura-etxebizitza eraiki ahal izateko. 35 urtetik beherako pertsonentzat dira, batez ere Bilbon erroldatutakoentzat, errenta txikia edukitzeagatik etxebizitza librearen merkatura sartu ezin direnean. Zuzkidura-etxebizitzak aldi baterako irtenbide modura proposatzen dira, erabiltzaileak ezin baitira bost urte baino gehiago geratu. Ezaugarri horiek egokiak dira batez ere gazteen beharrizanak betetzeko.
Etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak alokairuan dauden etxebizitza publikoek dauzkaten berberak dira, oro har. Hortaz, etxearen tamainaren eta familia-unitatearen diru-sarreren arabera aldatzen da hileko kanonaren zenbatekoa.
Hitzarmen honen bidez, Bilboko Udalak 5.816 metro karratuko AD-1 partzela, Zorrotzaurreko eremu mistoan dagoena, doan lagako dio Etxebizitza Sailari. Sailak, bere aldetik, lau urteko epean egin beharko ditu eraikuntza eta urbanizazioko lanak, doako lagapena eskritura publikoan jartzen denetik aurrera. Gainera, Zorrotzaurreko eraikina ikuspegi arkitektonikotik berezia izatea nahi du Etxebizitza Sailak; hortaz, eraikuntzaren proiektua lehiaketa publiko ireki epaimahaidunaren bidez esleituko da.
Proiektu honek (66 unitate) bat egiten du Etxebizitza Sailak Larreagaburun (86) eta Arangoitin (60) eraikitako apartamentuekin, hemendik gutxira Txurdinagan egingo dituenekin (107) eta 2019an auzo horretan bertan lizitatzea aurreikusita dauden 72ekin. Jarduketa horien bidez, Bilbon 391 zuzkidura-etxebizitza izango dira.