Bilboko Ospetsuei golardoak eman dizkiete

uriola.eus 2018ko abe. 18a, 10:30

Félix Linares Jaca, Victoria Cañas Cenea eta Isidro Elezgarai Esteban dira 2018ko Bilboko Ospetsu berriak.

FÉLIX LINARES JACA

“Kultura, literatura, artea eta zinema bultzatzearen aldeko bilbotar konpromisoagatik”. 1947an jaio zen, Zugastinobia kalean, La Casillan. Félix Linares, egun, irratiko, zinemako eta Bilboko kulturako "ahotsa" bihurtua dugu. Indautxuko Eskola ehun urtetik gorakoan eskolatua eta inguru hartan garai hartan ziren zinema-areto ugarietan ikasia zinemaz (Abando, Olimpia, Ayala, Izaro, Ideal...), Linaresek irratian ekin zion bere karrera profesionalari, 19 urte bete zituen egunean bertan, “Jazzaren mundua" irratsaioarekin, Bilboko Herri Irratian.

80ko hamarkadan, idatzizko prentsan hasi zen, “Egin” eta “El Correo” egunkarietako kultur gehigarrietan lankide, eta telebistan ere egiten ditu lehen urratsak, TVEren Bilboko Centro Regional zeritzon hartan hainbat programatan parte hartuz. Garai hartan bertan, abian jarri zuen “Popular 3 Stereo” izeneko proiektua Herri Irratian, harik eta, urte batzuen buruan, Radio Euskadiko plantillako kide bihurtu zen arte. Baina, zalantzarik gabe, Félix Linaresen proeikturik handiena, Euskadiko etxe guztietara sartzeko aukera eman diona, “La noche de…” filmei buruzko saioa da, ETB-2an dagoeneko 23 urte daramana.

VICTORIA CAÑAS CENEA

“Emakume ekintzaile eta enpresari arrakastatsua izateagatik eta Bilbon egindako artearen eta diseinuaren aldeko apustuagatik”. 1942an jaioa, Eltziegon (Araba). María Victoria Canas Cenea kazetaritzan lizentziatua da, EHUn, eta Díez-Caballero familiaren upategiaren jabea, Arabako Errioxako herri horretan bertan, han jakin baitzuen biltzen ardogintzari guztiz lotutako bi familiaren hainbat belaunalditan metatutako jakintza, “Arabako Errioxak Bilbon eta Bilbok Arabako Errioxan duten enbaxadorerik onenak bihurtzeraino”.

Gaur egun, Urian duen proiekturik handiena Bilbao Internatioan Art & Fashion da, modaren munduko eskola onenetatik etorritako diseinatzaile gazteek parte hartzen duten lehiaketa bat, aukera eman duena Frantziako, Londreseko, New Yorkeko, Anbereseko, Tokioko edo Tel Aviveko mundu akademikoarekin eta goi-mailako jantzigintzako entitateekin harremanak estutzeko eta Bilbo modaren goi-mailako diseinuaren gune moduan sustatzeko, betiere jasangarritasuna, jardunbide onak eta gizarte-erantzukizuna uztartuz, hala nola agertzen baitu NBEren garapen jasangarrirako helburuekin lerrokaturik egotearren aurten lortu duen ezagutzak. 

ISIDRO ELEZGARAI ESTEBAN

“Haurrekiko eta munduko beste herri batzuekiko Bilboren elkartasunaren eredu izateagatik”. 1957an jaioa, Isidro Elezgaray bilbotarra ia mende erdian izan da Laboral Kutxaren aurpegirik ezagunena, lehenengo Kanpo Harremanetako, Babesletzako eta Gizarte Ekintzako zuzendari gisa, gero Hedabideekiko Harremanetako zuzendari gisa, duela hiru urte erretiratu zen arte bete zuen karguan, alegia.

Kooperatibista kartsu hau, taekwondoko gerriko beltza eta Marketin, Komunikazio eta Harreman Publikoetan espezializatutako mintzalaria, gizon umoretsu bat da batez ere, bere garaiarekin engaiatua, “Alde” boluntariotza sortzen lagundu zuena, bai eta Gaztempresa gazteen autoenplegurako fundazioa ere, eta Begoñako urriaren 11ko usadiozko erromeria berreskuratzen lagundu zuena.

Begoñako Amaren Ohorezko Anaia Nagusiaren tituluarekin batera, sari eta garaikur ugari irabazi izan ditu, bere bilbotartasunagatik ezagutza agertuz: Aste Nagusiko pregoilari (2005), Bilboko erraldoi (2009), Aste Nagusiko pregoilari (2010), Bihotza Saria (2015), Ohorezko Uritar (2016), eta abar.

Erretinosi Pigmentarioaren Urrezko Domina ere eman zioten, eta Txarriduna Txerriaren Euskal Akademiako akademikoa ere bada. Bere elkarzaletasunaren erakusgarri, Caritaseko kontseilari izan da, eta, gaur egun, Unicef Euskadiko presidentea da.