Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailak euskararen sustapen, hedapen eta normalizaziora bideratutako lau dekretu onartu ditu Gobernu Kontseiluan. Foru administrazioak gizartean euskararen presentzia sustatu eta hedatzen duten enpresei, irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei, udalei eta mankomunitateei zuzenduriko diru-laguntzak emango ditu. Guztira, 2.330.000 euro erabiliko ditu aipaturiko diru-laguntzak emateko.
Euskara esparru guztietara zabaltzeko duen konpromisoan, Bizkaiko Foru Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du arreta gizartean bertan jartzea, izan ere, euskara garatu behar den berezko espazioa baita. Euskararen erabilera sustatzen duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoentzako onartu diren diru-laguntzak 1.060.000 eurokoak izan dira.
Bestalde, merkataritza sozietateentzako, sozietate kooperatiboentzako, enpresarientzako eta profesionalentzako xedaturiko laguntzek 270.000 euro izango dituzte. Enpresa munduan euskararen erabilera sustatzeko aukera ematen duten gizarte eragile garrantzitsuak daude; enpresaria eta langileak esaterako.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia sustatu nahi duten produktuak egiten dituzten Bizkaiko merkataritza sozietateei, sozietate kooperatiboei, enpresei eta profesionalei dagokienez, 200.000 euroko aurrekontua izango dute, izan ere, kontuan izan behar baita hizkuntza prozesatu eta hedatzeko bide horiek duten ahalmena.
Eta azkenik, udalei, udal erakunde autonomoei eta mankomunitateei zuzenduriko diru-laguntzen atalerako guztira 800.000 euro bideratzea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak. Lau dekretuetan, diru-laguntzak eskatzeko epea 2019ko urtarrilaren 2tik 31ra arte egongo da zabalik.
Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bitartez ere aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus/es/inicio).