Iberdrola dorre paretik abiatuko da mobilizazio nazionala. Bilboko kaleak hartu nahi dituzte prekarietatea gelditu eta Euskal Herrian bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Gaur, Bilbon, agerraldia egin dute eta bertatik dei egin dute "Euskal Gazteriari sistemari hortzak ateraz, Euskal Herria eraikitzeko borrokara batzeko", eta Otsailaren 16an denak Bilbora hurbiltzeko.
Argitu dutenez, Gazte Biran abiatu zuten harreman sarea handitzen eta zabaltzen joan da. Euskal Herriko eragile, talde, norbanako... ezberdinekin egoeraren larritasuna elkarbanatu ostean, euren hipotesietan berresten dira: bizitzen alor guztietako prekarietatearekin amaitzea beharrezkoa ikusi dute. Argi dute baina, borroka kolektiboa izango dela.
Gaurko agerraldian adirazi dutenez: "Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute, bizirautera kondenatu. Eta enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da. Eta jakin badakigu hau ez dela trantsitorioa edota koiunturala. Prekarietateari ate guztiak lehenbailehen ixtea beharrezkoa da, berak irentsiko gaitu bestela. Askok pentsatuko dute egoera ez dela beldurtzeko adinakoa, baina bada. Gazteok larrialdi egoeran gaude."