Izan ere, Javier Aldazabal Josu Urrutiaren bigarrena izan da azken urte hauetan eta Uribe-Echevarríarekin berriro aurkeztea erabaki du. Hauteskudeen data jakitera eman zutenean, berea zen kinieletan hautagaien artean ateratzen zen izenik errepikatuena. Hala ere, Albertoren hautagaitzan sartzea erabaki zuen, hain ondo ezagutzen duen bigarren plano horretan lan egiten jarraitzeko.
Cluba barrutik ondoen ezagutzen duen pertsonetako bat da. Bi zatitan datorkigun elkarrizketa honetan, Athleticekin izan zituen lehenengo oroitzapenak, partidak, bidaiak... kontatzen dizkigu. Elkarrizketan, bere osaba Iribar atezainaren ordezkoa izan zela eta beste taldeen kamisetak jasotzen zituela etxean, edota zer den Athletic berarentzat azaltzen du.
Askotan, izenetan geratzen gara eta ez dugu pertsona ezagutzera heltzen. Javier Aldazabal nor eta nolakoa den jakiteko elkarrizketa da hau. Ostegunean, berriz, Uribe-Echevarríaren hautagaitzako lantaldearen lan ildoak labur-labur azalduko dizkigu: entrenatzailea, fitxaketak, emakumezkoen taldea, animazio harmaila, VIP eraztuna...
Elizegiren lantaldeari proposamen berdina eskaini diegu, baina gurean ez agertzea aukeratu dute.